Abian da Leioako Mendi Astea

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 11a, 19:06

Leioako Mendi Taldeko kideak artxiboko irudian. © LEIOAKO MENDI TALDEA

Leioa Mendi Taldeak hainbat jarduera antolatu du datozen egunetarako, ohiko mendi-astearen barruan. Ekimenak gaur, astelehenean, hasiko dira, Leioako Mendi Tour zikloaren bidez. Izan ere, gaur eta eguaztenean mendi-filmik onenak Leioan egongo dira ikusgai. Bilbao Mendi Film Festivaleko sei pelikula erakutsiko dituzte Kultur Leioako auditoriumean.

Pasa den abenduaren 11tik 20ra egin zen Bizkaiko hiriburuan Bilbao Mendi Film Festival zinema-jaialdiaren zortzigarren edizioa. Bertan, 43 filmez eta hamaika jardueraz gozatu zuten 8.710 mendizalek. Gaur eta etzi, jaialdia galdu zutenek Leioan izango dute Bilbon proiektatutako film onenetariko batzuk ikusteko aukera, saritutako batzuk tartean. Astelehenean eta eguaztenean, hiruna film emango dituzte Kultur Leioako auditoriumean, 19:30etik aurrera. Apirilaren 11n, "Dominica", "A line across the sky" (Eskaladako film onena) eta "Jurek" (Alpinismoko film onena) ikusteko parada izango da. Film denak euskaraz jarraitu ahal izango dira, entzunez ez bada, azpitituluen bidez.

"Dominica"

Euskarazko film labur bat da "Dominica", zortzi minutukoa, Aitor Gisasola eta Fredi Paia algortarren elkarlanaren emaitza. Aurretik Getxoko memoria historiko eta etnolinguistikoaren berri eman ziguten biek, "Akordaten naz" eta "Akordaten naz II" dokumentaletan. "Dominica" lan berrian, Eliren eta Dominicaren errealitatera hurbilduko gaituzte, biak emakumeak, belaunaldi eta istorio ezberdinetakoak, baina lanbide bera dutenak: artzaintza.

Proiektua iaz otu zitzaien Gisasola eta Paiari, Eli Arrillagak eta Mikel Etxezarretak Zegamatik Uribe Kostaraino egin zuten ardi-transhumantzia "Akabuko Martxea" dokumentalerako grabatzen zebiltzanean. Komunikabideetan "artzaina eta haren emaztea" erabiltzen zutela ikusita sortu zitzaien ideia, Gisasolak aitortu duenez. Arrillagak eman zien Dominicaren berri.

Beste jarduerak

Martitzenean, ostera, emakumezkoen eskalada-jaialdiaren bosgarren edizioa egingo dute Sakonetako boulderrean, 17:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da.

Eguaztenean, ordea, honako filmak emango dituzte: "2T on Chamlang", "55 hours in Mexico" eta "Jeff Lowe’s Metanoia" (Ikusleen Saria). Saio bakoitzeko sarrera 3 euroan erosi ahal izango da, eta egun biko bonua, berriz, 5 euroan. Film denak euskaraz jarraitu ahal izango dira, azpitituluen bidez, "2T on Chamlang izan ezik". Ekimena Kultur Leioak eta Leioa Mendi Taldeak sustatu dute, eta Leioako mendi-taldeak  antolatutako mendi-astearen barruan kokatzen da.

Eguenean, Kepa Escribano eskalatzaile bizkaitarraren "Gro­­­enlandia 60º N" film-dokumentala proiektatuko dute Kultur Leioaren auditoriumean, 19:30ean. Escribanok 2003an egin zuen espedizioa Amerikako irlarik handienera, Vicente Castrogaz eta Txemari Andresegaz batera. Bertan, sei ibilbide ireki eta aurretik zanpatu bako lau tontorretara igo ziren. Sarrera doakoa izango da, baina aurretik gonbidapena eskuratu beharra egongo da.

Mendi-asteko bosgarren jardunaldia barikuan izango da. Aurreko ekimenaren ordu eta leku berean, Unai Mendia eta David Lopezen "Encordados" lana ikusteko aukera izango dute mendizale leioaztarrek.

Klubaren Eguna

Leioako Mendi Taldeak domekan emango dio akabera aste honetan burutzen dabilen mendi-asteari. Ohi legez, Taldearen Egunaren txangoagaz amaituko du mendizaletasuna sustatzeko astea. Hala, domekako 07:50ean Pinueta auzotik aterako dira eta bidaiariak batuko dituzte Lamiakon, Luis Bilbao Libanon, Deustun eta Bilbon. Bertatik, 795 metroko Urko menditxora igoko dira, Markina eta Mallabia bitartean dagoen Arrangizgana edo Trabakua gainetik Eibarko Ixuaraino mendi-ibili erraza eginez, maila denentzako egokia. Txangoaren ostean, mendizaleek Ixuako tontorrean dagoen jatetxean bazkalduko dute. Bazkal ostean, Mendi- eta Argazkilaritza-lehiaketaren sariak banatuko dituzte, hainbat opari zozkatzeaz gainera. Leioako mendi Taldeak ohartarazi duenez, lekuak mugatuak dira. Txangorako eta bazkarirako izena eman gura dutenek barikura arte izango dute epea, hilaren 15ean itxiko baitute zerrenda. Prezioa 30 eta 42 euro bitartekoa da, adinaren eta bazkidetzaren arabera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun