Ikasleen aurkako "erasoak" salatuko dituzte bihar Leioako campusean

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 12a, 17:52

Martxoaren 17an ikasle-greba egon zen. © IKASLE ABERTZALEAK

"Ikasleon aurkako erasorik ez!" goiburupean, eguazten honetan, apirilak 13, kontzentrazioa egingo dute Leioako campuseko Mikel Laboa plazan; hitzordua 12:50ean jarri dute. Apirilaren 26an, martitzena, berriz, manifestazioa abiatuko da Mikel Laboatik. 11:50ean. Izan ere, Ikasle Abertzaleak (IA) taldearen arabera, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) jarritako ikasleen aurkako diziplina-espedienteak eta salaketak areagotu egin dira martxoan.

Gertaera guzti horren adibide legez jarri du IAk Ertzaintzak San Mameseko ikasleak burutzen zebiltzan Herri Unibertsitatea "bortizki" desalojatu izana. "Kasu hau ez dugu eraso isolatu bezala ulertu behar. Ildo beretik, joan den martxoaren 17an, Euskal Herriko zenbait hiriburutako ikasleok errepresio bortitza bizi izan genuen gure aldarriak kalera atera eta borrokatzeagatik. San Mameseko desalojoan 41 identifikatu egon ziren, horietako askok inputazioak ere jaso dituztelarik. Martxoaren 17ko mobilizazio egunean berriz, 5 identifikatu izan genituen Bilbon eta Euskal Herriko gainerako hiriburuetan 14 atxilotu eta beste identifikazio ugari egon ziren", adierazi dute ikasle abertzaleek.

EHU, "erantzule zuzena"

"Ikasleon aurkako erasoetan EHU erantzule zuzena" dela salatu du IAk. Ikasleen erakundearen berbetan, "argi ikusi dugu EHU non kokatzen den eta noren mesedera eta noren kontra jarduten duen, ikasleon kontra buruturiko eraso zuzenak izanik horren adierazle garbiena. Martxoaren 14an San Mameseko Herri Unibertsitateko ikasleak arrastaka ateratzeko eskatu zion Ertzaintzari, bertako ikasleak diziplinazko espediente bat irekitzearekin mehatxatu dituela ahaztu gabe. Gasteizko ikasle ugariren aurka salaketa zuzenak jarri ditu eta horrez gain, joan den azaroaren 26an, Leioako ikasle bati ere, unibertsitate barruko indar polizialez baliaturik, zuzeneko salaketa jarri zion, ondorioz, ikasle hau inputatua izan delarik. Ertzaintza unibertsitatera sar dadin eskatzea ekintza benetan larria da, baina are esanguratsuagoa da unibertsitateak zuzenean ikasleen kontra egitea, mehatxuen zein zuzeneko salaketen bidez".

Gauzak horrela, bost eskaera egin dizkiote unibertsitateko arduradunei:

  • San Mameseko ikasleei diziplinazko espediente ez irekitzea.
  • Gasteizko ikasleen kontrako salaketak eta gainontzeko neurriak atzera botatzea.
  • Leioako ikasle inputatuaren aferan esku hartu eta bere egoera konpontzea.
  • EHUra Ertzaintza sar ez dadin behin-betiko neurriak hartzea.
  • Campusetan dauden "indar polizialak" kanporatzea.

Apirilaren 19rako Errektoretzak eskaera horien betetzeko bermeak jarri ezean, "hainbat egunetan Leioako jarduna beranduago hasiko dela" iragarri du IAk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun