San Mames bisitatu dute Aldundiko egoitzeko oroitzapen-tailerretako adinekoek

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 13a, 17:44

Oroitzapen-tailerretako hainbat partaide, euren senideakaz, San mamesen. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Oroitzapen-tailerrak martxan jarri dituzte Leioa, Gallarta eta Elorrioko egoitza publikoetan eta foru-sarekoa den baina Aita Mennik kudeatzen duen Txurdinagabarri egoitza-zentroan; bertan parte hartzen duten adinekoek emozioz beteriko jardunaldia bizi izan dute San Mames futbol-zelaian.

Ehun bat parte-hartzailek eta euren senideek San Mames Barriko instalazioak bisitatu dituzte, honako hauekaz batera: Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintzako foru diputatua, Jose Angel Iribar Athletic Club taldeko jokalari-ohien elkarteko presidentea, futbolari ohien elkarteen Espainiako Federazioa presidentea, Juan Mari Zorriqueta jokalari zuri-gorri ohia, Athletic-eko ordezkariak, lehoi ohi batzuk (Patxi Ferreira, Ritxi Mendiguren, Sabino Agirre, Pablo Otaolea eta Jose Mari Argoitia) eta, azkenik, Lucia Benlla Estatuko Futbolarien Elkarteko ordezkaria.

Bertaratutakoek lore-eskaintza egin diote "Pitxitxi"-ri, futbol-zelaian bertan; eta, ondoren, talde zuri-gorriaren aldagela eta prentsa-aretoa ikusi dituzte. Azken horretan, tailerreko saio bat egin dute. Maiatzean, Lezamako instalazioak eta San Mames zaharreko arkua bisitatuko dituzte, eta Athletic-eko Lehen Mailako lantaldeko ordezkari batzuakaz bilduko dira.

Proiektu berritzailea, Bizkaian

Bizkaiko Foru Aldundiak adinekoentzako oroitzapen-tailerrak jarri ditu abian egoitza publikoetan. Proiektu hori Estatu espainioleko futbolarien elkarte eta futbolari-ohien elkarteetako Espainiako federazioak (FEAFV) garatu du. Iaz, Bilboko Txurdinagabarri egoitzan jarri zen martxan proiektua (Bizkaiko egoitzen foru sarean dago, eta Aita Menni erakundeko gizarte-zerbitzuek kudeatzen dute). Proiektu hori aitzindaria izan zen EAEn; emaitza arrakastatsuak ikusita, Aldundiak erabaki du Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) Elorrio, Gallarta eta Leioako egoitzetan ere abian jartzea.

Bizkaiko Foru Aldundiak egokitu egin du kontrastatutako emaitzak dituen tratamendu berritzaile hori, zeinaren funtsa iraganeko bizipenak gogoratzea den. Kasu honetan, Athletic taldeari buruzko oroitzapenak erabili dira gogoratzeko tresna gisa, beste esku-hartze batzuetan ez bezala. Teknika horri esker, adinekoengan oso jarrera positiboa lortzen da, batez ere dementziaren bat daukatenengan. Teoria horren praktika Athletic-eko futbolari-ohi batzuen esku dago: adinekoen egoitza eta zentroetara joaten dira, eta futbolaren eta kirol horrek transmititzen dituen balioen bitartez, pertsona horien haurtzaro, gaztaro eta helduaroko oroitzapenak estimulatzen dira.

Teknika hori abian jarri den zentroetako profesionalen berbetan, belaunaldi bereko adinekoen eta futbolarien arteko bizitza-historia partekatzeak adinekoen garapen kognitiboa eta pertsonala dakar.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun