Leioako Udalak Arcain kontratatu zuen kiroldegiaren proiektua esleitzeko lehiaketaren baldintzak prestatzeko. EAEko Auzitegi Nagusiak "frogatutzat" eman duenez, lehiaketa publikoa deitu baino lehen, aurkeztuko zuen proiektua prestatzeko hainbat lan enkargatu zizkion Arosek arkitektura-enpresa bati; horren emaitzak Arcaini helarazi omen zizkion, etorkizunean izenpetuko zuten kontratuaren baldintzak prestatzeko. "Irabazi zuen planoak Arcainen eskuetan zegoen, lehiaketa deitu baino hilabete batzuk lehenago", epaileek diotenez.
Hala ere, 2013ko maiatzaren 21ean, Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) Arcaini ezarritako 89.000 euroko isuna murriztu egin du EAEko Auzitegi Nagusiak; 66.581,78 euro ordaindu beharko ditu. Bigarren ebazpenean, berriz, Arosen kontrako 45.000 euroko isuna mantendu egin dute epaileek. Baina, LEAk ez bezala, Pinosolo kiroldegiaren kontratua bertan behera uzteagatik Leioako Udalari kalte-ordaina eskatzeko baimena ematen dio Auzitegi Nagusiak Arosi.
Erantzunak
Iban Rodriguez alkateordeak esan duenez, "sententziak eskuetan eduki arte, esateko gutxi daukagu. Izan ere, Udalak ez dauka zerikusirik sumario honegaz. Horiek eskuratu eta ondo aztertu ostean erabakiko dugu zein neurri hartu behar dugun. Zuhurtasunez jokatzea komeni da".
Bestalde, Leioako EH Bilduk sententziak ezagutu ziren egun berean plazaratu zuen oharra. Ezkerzaleen berbetan, "sententzia honek arrazoia ematen digu eta agerian usten ditu azken urtetan EAJk Pinosolo auziaren aferan botatako gezur eta manipulazioak. Frogatuta geratu da enpresek 58 milioitako lehiaketa moldatu egin zutela". Koalizioak "beharrezkoak diren ekintza politikoak" martxan jarriko ditu, Udalak afera honetan galdutako bi milioi euroak berreskura ditzat. "Adibidez, lehiaketa moldatu zuen eraikuntza enpresari proiektuagatik ordaindutako 1,6 milioi euroak. Ordainketa hau egin zenean irregulartasuna zantzuak agerikoak ziren", diotenez.
Ikerketa artxibatuta
2015eko irailean Pinosolo auziaren inguruko diligentziak artxibatzea erabaki zuen Carmen Adan del Rio Bizkaiko Lurralde Auzitegiko fiskalak; zortzi hilabetez ikertzen jardun ostean, deliturik egon zenik adierazteko "frogarik ez" dagoela zioen txostenak. EAJren Bizkaiko Buru Batzarrak (BBB) pozik hartu zuen fiskalaren erabakia: jelkideen arabera, "dekretu honek Eneko Arruebarrena (Leioako alkate ohia eta Metro Bilbaoko zuzendaria) eta Jon Loizagaren (Leioako zinegotzi ohia) ohorearen inguruan egon litezkeen zalantza guztiak argitzen" zituen. Leioako EH Bilduk ere eduki zuen txostena irakurtzeko aukera; kasua artxibatzeko arrazoia "delituen preskripzioan" oinarritzen dela aipatu zuen koalizio soberanistak. "Ondorioz, fiskalak ezin dezake eman diren irregulartasun zantzuetan sakonago ikertu. Beraz, artxiboa preskripzioaren ondorioa izan da eta ez irregulartasunak eman ez direla egiaztatu delako", gaineratu zuten ezkerzaleek.
2014ko azaroaren 28an, Javier Ruiz Bizkaiko PPko idazkari nagusiak aurkeztu zuen Arruebarrena eta Loizagaren kontrako salaketa, Pinosoloko kiroldegiko eraikuntza-lanak esleitzeko orduan irregulartasunak egon zirelakoan.