Joaneko partidan, abenduan, orduan Egoitz Linazak zuzentzen zuen taldeak 3-2 galdu zuen Errezolan. Gol biko errenta lortu arren, Leioakoek bukaera gogorra pairatu zuten, 93. minutuan sartu baitzieten hirugarren gola.
Añorgarrak
Añorgak 14 partida irabazi ditu, hiru berdindu eta sei galdu. 45 punturekin, laugarren daude sailkapenean. Aurretik, Athleticen bigarren taldea daukate, zazpi puntura, eta behetik, hamar puntuko aldearekin, Ardoi. Beraz, eta jokoan bederatzi puntu bakarrik geratzen direnean, Añorgakoek, gutxienez, laugarren postua bermatu dute.
Pasa den asteburuan, gipuzkoarren arteko derbian, Añorgak galdu egin zuen, Unbeko instalazioetan, Eibarren aurka, 3-1. Aurreko irteeran, Burgosen, añorgarrek 1-0 galdu zuten, baita Nuestra Señora de Belenen aurka ere.
Gol aldeari dagokionez, gipuzkoarrek 62 sartu dituzte eta 41 sartu dizkiete, aldeko 21 tantoko balantzea dute beraz. Laugarrenak dira batezbesteko golei dagokionez, sailkapen nagusiko postu berbera. Bitxia bada ere, Añorga partida gehien irabazi dituen laugarren taldea da, partidu gutxien galdu dituen laugarrena eta laugarrena, baita ere, sartutako goletan.
Leioaztarrak
Leioako Emakumeak, bere aldetik, jardunaldi bi daroa, segidan, jaitsierako postuetan. Puntu bakarra lortu dute azken bi asteotan, Nuestra Señora de Belenen aurka erdietsitakoa, 5-2 galdu baino lehen Aurrera de Vitoriaren aurka.
Hiru partida geratzen dira, bakarrik, liga bukatzeko. Leioako Emakumeak taldeak Añorga eta Eibar hartuko ditu, jarraian, Sarrienan, eta azken atsedenaldiko jardunaldiaren ostean, Barakaldon bukatuko dute liga, Pauldarrak klubaren aurka. Sailkapen nagusian Leioaren aurretik dagoen Peñas Oscenses taldeak hiru garaipen lortu ditu jarraian; Pauldarrak, bien gainean dagoena, bi. Emaitza horiek direla-eta, kategoriari eusteko arerio zuzenenak, talde bi horiek hiru puntuko aldea ateratzen diete David Lopezen emakumeei. Hortaz, Leioako taldeak ezin du huts egin, eta bihar bertan, irabazten hasi behar du, Bigarren Mailari eusteko ametsa bizirik mantentzeko.