Kale Gorrianen irakurketa
Burujabetzaren giltza. Apirilaren 23an…Gazteok Lei(h)oa zabaltzera goaz!
Apirilaren 23an, Leioan ospatuko dugun gazte egunak zenbait aldaketa izango ditu aurten. Egunari izena ematen dion leloak adierazten duen bezala, Kale Gorrian gazte asanbladako kideok burujabetzaren ideia indartu eta gaurtik Leioa berria eraikitzen hasteko lehenengo urratsa izateko helburua egozten diogu egun horri.
Izen eta forma aldaketak ez dakarte, noski, gazte egunaren desagerpena, izan ere, apirilaren 23rako antolatu dugun egitaraua gazteoi zuzendutako alternatibez jantzi nahi izan dugu, geuri eragiten diguten arazoei aurre egiteko fronte ezberdinak zabalduz. Gazteok aldaketa gure kabuz gauzatu dezakegula argi daukagu, eta datorren asteko larunbatean horixe egingo dugu, aldaketaren haziak landatu, eta loratuko den herria guztiok ekarpen eta lanaz ureztatu.
Leioa ez da gazteontzako herria, eta hori aldatu beharra dago. Herriko edozein gazteri galdetu besterik ez dago. Leioa aspergarria da, eta aisialdia inguruko herrietan igarotzera behartuta gaude gazte asko. Leioa garestia da, eta emantzipatu nahi dugunean ere, alde egin behar izaten dugu, ez baitago Leioan alokairu bat ordain dezakeen gazterik. Kale Gorrian gaude. Kale Gorrian nahi gaituzte. Herri eredu honek zapaldu egiten gaitu. Baina ozen aldarrikatu nahi dugu hau geure herria dela, eta hemen bizi eta gozatu nahi dugula. Hemen eraiki nahi dugu gure bizitza, eta horixe egingo dugu. Apirilaren 23tik hasita, Leioa gazte eta burujabea eraiki arte!
Burujabetzaren giltza geurea da, eta horregatik, apirilaren 23an, gazteok Le(h)ioa zabaltzera goaz!
Egitaraua
- 13:00 Kalejira musikagaz, Xcaret tabernatik.
- 15:00 Parrillada (aukera beganoa). 5 euro.
- 17:00 Ekimena: "Okupazioaren haziak landatuz".
- 18:00 Berbaldia: "Gaztetxeen esperientziak eta okupazioaren ondorio legalak".
- 20:00 Mikrofonoa zabalik: "Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko!".
Gazte Egunean dabiltzan lagunak topatzeko, Boulevardetik ateratzen diren geziei jarraitu beharko zaie.