Oscar Castaño "Garbitxu" Deabru Beltzak taldeko zuzendariak ikuskizunaren xehetasunak eman zituen, Ana Lopez Umore Azokako zuzendari artistikoagaz batera, apirilaren 22an eskainitako prentsaurrekoan. "Urte askotako lanaren fruitua da pieza hau, eta konpainiari propio zaizkion ezaugarri guztiak biltzen ditu", azaldu zuen sortzaileak. Prentsaurrekoan Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendariak, Michel Galand Libourneko Udaleko kultura zinegotziak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendaritzako ordezkariek parte hartu zuten.
Deabru Beltzak 1996an jaio zen eta nazioartean oihartzun gehien jaso duen euskal taldeetariko bat izan da. Erritmoa eta piroteknia dute oinarri haien ikuskizunek, eta oraingoan Umore Azokaren laguntza izan du taldeak, bere azken emanaldia sortzeko. Jaialdiak sormen lana lagundu eta bultzatzen du eta kasu honetan ekoizle gisa jardun du konpainiagaz, estreinaldi aurreko entseguetarako espazioa eskainiz; apirilaz geroztik, Leioan egin ditu Deabru Beltzak konpainiak "Su a Feu" ikuskizunaren entseguak. Jaialdiko zuzendariak zehaztu zuenez, "Umore Azokaren DNAren parte da elkarlana". Konpainiak eskertu egin zuen elkarlan hori, baita laguntza eskaini dieten beste erakunde eta taldeena ere. "Lagun bat izan da Umore Azoka guretzat, eta babes handia eskaini digu", aipatu zuten.
Orain arte 35 herrialdetan 3.000 emanaldi baino gehiago eskaini ditu Deabru Beltzak taldeak. Festa handi bihurtzen du espazio publikoa; eta oraingoan ere, ildo horretatik jarraituko du konpainiak. Kale dantza, sua eta erritmoa izango dira "Su a Feu" ikuskizunaren oinarriak; gainera, etorkizuneko pertsonaiakaz nahasiko dira. Perkusioa, argia eta magiak harrapatuko du bete-betean ikuslea.
Ikastaroak
Pepe Zapatak e-mail marketinari buruzko ikastaroa eskainiko du maiatzaren 11n. Matias Zanottik maiatzaren 17 eta 18an eskainiko du jantzi sorkuntzari buruzko "workshop"-a. Eta Fafa Francok birziklatutako materialez egindako orrazkera eta janzkerari buruzko ikastaroa eskainiko du Umore Azokako lehen egunetan. Maiatzaren 19 eta 20an, alegia.
Informazio gehiagorako sakatu hemen.
Irakurle agurgarria:
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!
Izan zaitez HIRUKAlagun