Erabateko 21 estreinaldi egongo dira aurtengo Umore Azokan

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 27a, 15:31

Mari Carmen Urbieta Leioako alkatea, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria eta Ana Lopez Asensio Umore Azokako zuzendaria, gaurko prentsaurrekoan. © UMORE AZOKA

Leioako Umore Azoka kale-arteentzako ezinbesteko erreferente bihurtu da urteakaz; agerian uzten dute hori 27. edizioko datuek. Izan ere, maiatzaren 19tik 22ra, 50 konpainiak parte hartuko dute jaialdian; 54 ikuskizun erakutsi eta 125 emanaldi eskainiko dituzte. Gainera, egitarauko hiru ikuskizunetatik bi erabateko estreinaldiak izango dira.

Ana Lopez Asensio azokako zuzendari artistikoak azaldu duenez, "aurten erabateko 21 estreinaldi izango dira Umore Azokan. Hori gutxi balitz, estatu mailako 12 estreinaldi, hiru kale-estreinaldi, eta ikuskizunen baten gaztelerazko bertsioa eskainiko ditu azokak. Kale-arteen konpainiek Leioan egon gura dutela erakusten dute datuek". Bilboko Rekalde aretoan aurkeztu ditu gaur aurtengo jaialdiko datuak Lopez Asensioak; beragaz egon dira Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria eta Mari Carmen Urbieta Leioako alkatea.

Hego Euskal Herriko 19 talde

Programaren kalitatea, aniztasuna eta diziplinen arteko oreka azpimarratu ditu azokako zuzendariak prentsaurrekoan; dantza-, antzerki-, zirku- eta clown-ikuskizunek osatuko dute programazioa. Oparotasun horren adibide dira Umore Azokan egongo diren euskal taldeak. Izan ere, Hego Euskal Herriko 19 konpainiek 20 ikuskizun eskainiko dituzte Leioan, eta erabateko estreinaldiak izango dira horietako 11.

Taldeen artean daude Deabru Beltzak, Ana Capilla & Julia Fäber, Bapatean, Cia. Laura Cobo, Laglo Zirko Dantza & Compañia, Larrua, Plataforma Tirante Colectivo, Philo&Jole, Sainete, Shuar Prest, Trapu Zaharrak eta La Banda.

Gainontzeko parte hartzaileen artean 19 espainiar estatukoak dira (Andaluzia, Aragoi, Gaztela eta Leon, Katalunia, Madril eta Valentziatik heldutakoak; 10 estreinaldiakaz). Azpimarratzekoa da Kataluniaren partaidetza; besteak beste, Del Reves, La Industrial Teatrera eta Mumusic circus talde ezagunak izango dira Leioan. Bestetik, Andaluziak ohi baino ordezkaritza handiagoa edukiko du aurten: 5 talde andaluziar gerturatuko dira Leioara, eta talde bik ikuskizuna estreinatuko dute Umore Azokan.

Nazioarteko 12 konpainia ere egongo dira (Frantzia, Erresuma Batua, Brasil, Kolonbia eta Japoniatik, estatu mailako 11 estreinaldiakaz eta erabateko estreinaldi bategaz). Azpimarratzekoa da Frantziako Les Goulus talde historikoaren partaidetza; Umore Azoka aukeratu du taldeak "Riders from nowhere" obra estreinatzeko. Era berean, Bakhus talde frantziarrak ikuskizun bi ekarriko ditu Leioara: batetik, akrobazia-koreografietan oinarritutako "Glaucos"; eta bestetik, poesia handiko "LOmbre de Core" dantza-lana. Gainera, Frantziako zirku-proposamen originalaren erakusle, 100 Racines konpainiak "Au pied du mur" obra ekarriko du gurera. Diaboloa gustuko dutenek, berriz, Tsubasa Watanabe japoniarren proposamenagaz gozatzeko aukera edukiko dute.

Bestetik, Leioako taldeek berezko presentzia edukiko dute azokan; horretarako sortu dute antolatzaileek "Bertako eszena" izeneko atala. "Umore Azoka Leioako Udalaren proiektua eta apustua da, eta ondorioz, ezinbesteko ikusten dugu bertako taldeen parte hartzea programaren barruan", ziurtatu du Mari Carmen Urbieta alkateak. Hortaz, jaialdiak babestu eta bultzatuta, Umore Azokan egongo dira Leioako Musika Banda eta Diego Galaz, Despertar los sentidos elkarte artistikoa, Andoni Aresti Dantza Eskola eta Gerry Regitschnig clowna.

Nazioarteko profesionalen topalekua

Hiru ardatz aipatu ditu Lopez Asensiok deskribapen modura: “Umore Azoka jaialdia da, festa da, eta azoka da. Jaialdia da, kalitatezko programazio oparoa eskaintzen duelako; festa da, Leioa jendez bete eta festa giroan murgiltzen duelako lau egunez; eta azoka ere bada, kale-arteen profesionalen topalekua delako". "Topaleku handia, gainera", azpimarratu duenez. 200 profesional (programatzaileak, azoketako zuzendariak, aholkulariak, produktoreak, banatzaileak…) elkartzen dira urtero Umore Azokan. Aurten, gainera, Frantziako Chalon dans la Rue eta Libourneko Fest´Arts azoketako profesional entzutetsuak, Koreako Hi Seoul Festival eta Ansan Street Arts Festival jaialdietako arduradunak, eta New Yorkeko SummerStage jaialdiko profesionalak egongo dira Leioan.

Hori dela eta, hainbat batzar eta topaketa egiteko leku ezin aproposagoa da Umore Azoka. Eta badira nobedadeak alor horretan ere; besteak beste, II. Euskadi-Akitania topaketa egingo da aurten Leioan, Etxepare institutuak, EKEk, eta Akitania-Euskadi euroerregioak sustatuta. Bestetik, SAREA euskal antzoki sarearen urteko batzarra ere egingo da bertan; eta profesionalen elkargune zein proposamen trukerako lekua izango den Artekale espazioa ere edukiko du azokak.

Sorkuntzari babesa

Ez da programaziora mugatzen Umore Azoka. Ikuskizun berriak ere sustatzen ditu; konpainiei egonaldiak egiteko aukera eta entseatzeko lekuak eskaintzen dizkie. Aurten 5 taldek jaso dute azokaren babesa. Horri esker, "Su a feu" perkusio- eta piroteknia-ikuskizuna estreinatuko du Leioan Deabru Beltzak konpainiak. Bestalde, Frantziako Vendaval taldeak "Soif" ikuskizunaren gaztelerazko bertsioa eskainiko du aurrenekoz. Nacho Diago, La Industrial Teatrera, eta Laura Cobo taldeek ere jaso dute azokaren babesa. Zehazki, "Mr. Smith" pieza estreinatuko du Cobok Leioan. "Sorkuntzaren aldeko konpromiso argia du Umore Azokak, eta babes hori oinarrizkotzat du gainera kale arteen programazioaren kalitatea bermatzeko", ziurtatu du Lopez Asensiok.

Festa inoiz baino luzeago

27.000 bisitari eta 200 artista baino gehiagogaz, Leioa osoa bihurtzen da agertoki erraldoi lau egunez. 26 kokagunetan 16 espazio eszeniko izango dira, eta lehenengo aldiz domeka gauera arte luzatuko dira ekitaldiak. "Festak asteburua amaitu arte jarrai dezan nahi dugu", esan du jaialdiko zuzendariak. Orain arte programazioa domeka eguerdian amaitu da beti; baina, aurten, piknika eta ekimenak antolatu dira gauera arte, Pinosolo parkean dagoen Kalian Hiri Kulturgunean.

Umore Azoka hasi aurretik ere 3 ikastaro eskainiko ditu jaialdiak: maiatzaren 11n, Pepe Zapata marketin adituak, helbide elektroniko bidez, komunikazio-estrategia zelan hobetu erakusteko ikastaroa eskainiko du. Maiatzaren 17an eta 18an, berriz, Matias Zanotti aktore eta jantzi-egileak osagarri eszenikoen eta jantziteriaren inguruko tailerra eskainiko du. Eta azkenik, maiatzaren 19an eta 20an, azoka hasi berritan, Fafa Franco ile-apaintzaileak orrazketa, jantzi eta irudi pertsonalaren inguruko ikastaroa emango du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun