Hala, Leioako Kirol Elkarteko bazkideek, Leioako Emakumeak taldeko kideek eta Lagun Artea futbol-eskolako umeek euren bazkide-txartela aurkeztuz gero beste bina pertsona gonbidatu ahal izango dute, Sarrienan zapatuko partida doan ikusteko.
Leioari hamar gol sartu dizkiote galdutako azken hiru partidetan eta tanto bakarra sartzea lortu du. Hala, bere batezbesteko gol kopurua -19an kokatu da, sailkapenean lehiakide zuzenak diren taldeetakoa baino okerragoa. Leioaztarrak Bigarren B mailako 17. postuan daude, jaitsiera-postuetan, 38 puntugaz. Jaitsiera-promozioa jokatzeko postuan dagoen Guadalajara puntu batera dute, eta kategoriari eustea bitara. Horretarako, Mensajero talde kanariarra puntutan gainditu beharko lukete.
Realaren aurrean leioaztarrek hartuko dituzten ekimenak ez dira berriak. La Roda eta Majadahondaren aurkako partidatan ere antzeko neurriak aplikatu zituzten, Sarriena leporaino betetzeko asmoz. Klubak ohartarazi duenez, "asko kostatu zaigu Bigarren B Mailaraino iristea eta orain ezin dugu etsi. Sarrienan jokatuko den azken liga-partida bihurtu behar dugu gune perfektua Leioako zaleek jokalariak aurrera eroan ditzaten. Taldeak zure babesa behar du. Zure zain gaude!".