Langileek salatu dutenez, "egutegi horiek ez zeuden hitzartuta erakundearen eta langileen artean, langileek negoziatzeko denbora gehiago eskatua bazuten ere. Kontseilu Artezkaria osatzen duten gainerako alderdiek ere bilera atzeratzeko eskatu zuten, Udal Gobernuaren eta langileen arteko desadostasuna ikusita". Langileek protesta-ekintzak iragarri dituzte.
Udal hauteskundeen ostean, Leioako Euskararen Erakundean kide berriak sartu izana litzateke arazoaren iturburua, udal euskaltegiko langileen uztez. Diotenez, "osaketa horretan udal gobernua duen alderdiak (EAJ) du lehendakaritza, orain arte izan den legez. Baina, gure harridurarako, arazoak hasi dira lan-egutegia proposatzeko momentuan, ordura arte Udalaren eta euskaltegiko langileen arteko harremanak nahiko onak baitziren". Udalak onartu ei du administrariak urtean 62 ordu gehiago egin beharko dituela, eta irakasleek 23 ordu gehiago; "2017an, irakasleek 40 ordu gehiago egin beharko dituzte", langileek salatu dutenez. Udalhitz "bete" behar dutela argudiatu omen dute agintari leioaztarrek.