Horrez gainera, bertan, 390 aparkaleku pribatu eta erabilera publikoko beste 74 leku egitea proposatu dute; espaloiak zabalago egitea ere bai.
Maiatzaren 2an egin zuten informazioa emateko batzarra, parte hartu gura zuten herritarrei aldaketaren nondik norakoak azaltzeko eta iritziak jasotzeko. Rodriguezek azaldu duenez, "jendeak pentsatzen zuen orube horiek Udalarenak zirela eta HAPOren aldaketa gure kontu bat zela". Alkateordeak argitu duenez, aipatutako lur-sailak jabego pribatukoak dira: "Udalean horrelako eskaerak jasotzen ditugunean, agintariok egin ahal dugun gauza bakarra da baldintza batzuk ezartzea, eremua duinago egiteko. Testuinguru horri lotuta daude lortutako aparkatzeko 74 toki publikoak"·.
Partaidetza-prozesua aurrera doa, eta maiatzaren 16ra arte, herritarren ideiak jasotzeko epea zabalik egongo da; udaletxean eman daitezke ideiak eta proposamenak. Prozesu hori amaitutakoan, Hirigintza Batzordeak hartuko du aldaketa-proposamena; eta azkenik, osoko bilkurara (seguruenik, maiatzeko udal batzarrera) eroango dute behin-behineko onarpena jasotzeko. "Dena ondo badoa, uztailean emango lioke behin betiko onarpena Udalbatzak", alkateordeak dioenez.