Askartza Igeriketa Klubaren waterpolo-taldea Espainiako Lehenengo Mailara sartzeko atarian geratu da. Joan Albellak gidatutako emakumeek Madrilen jokatu zuten igoera-kanporaketa, pasa den barikuan. Bertan, Mallorca eta Colmenar taldeak itota utzi zituzten, 12-4 eta 14-5 irabazita. Ondoren, ezin izan zioten eutsi Encinas Boadilla klubaren mailari, eta 3-9 galdu zuten horren aurka. Halere, taldeko bigarrenak izanda, finalaurrekorako sailkatu ziren. Markagailuan 8-3 idatziz, Bidasoa gainditu, eta finalera pasatu ziren leioaztarrak. Berriro ere, Encinas Boadilla hobea izan zen, eta 6-9 irabazi zuen finala, eta Espainiako Lehenengo Mailarako txartela.
Halere, Gaztelan egindako ahalegina ez da izan Askartzako emakumeen lorpenik handiena. Leioaztarrek Euskal Herriko Liga irabazi dute, Lautada taldeari nagusituta. Hala, oraingo denboraldian balentria berezia egin dute, Euskal Herriko Liga zein Kopa eskuratu baitituzte.
Gizonezkoak
Bitartean, Askartzako gizonezkoen bigarren taldeak Euskal Herriko Ligaren finala jokatzeari ekin dio. Lehenengo partidan, 15-7 irabazi zion CW 9802 taldeari, baina oraindino bueltako dema falta zaie; maiatzaren 21ean jokatuko dute. Bide berean, mutil gazteen waterpolo-taldeko kideek 10-8 nagusitu zitzaizkien Nafarroa Waterpolo taldekoei, etxean jokatutako partidan. Horri esker, Espainiako txapelketako finalean izango dira, Terrassan.
Azkenik, Askartzako gizonezkoek aurre egingo diote Portugalgo waterpolo-selekzioari birritan. Izan ere, lusitaniarrek lagunarteko txapelketa jokatuko dute Euskal Herriko konbinatuaren aurka Gasteizen, maiatzaren 14an, zapatuan, arrastian. Selekzioan Askartzako bost jokalari izango dira, eta aurreko egunean, Askartza-Portugal dema izango da.