Dantza-, antzerki-, zirku- eta clown-ikuskizunek osatuko dute programazioa. Oparotasun horren adibide dira Umore Azokan egongo diren euskal taldeak. Izan ere, Hego Euskal Herriko 19 konpainiak 20 ikuskizun eskainiko dituzte Leioan, eta erabateko estreinaldiak izango dira horietako 11. Taldeen artean daude Deabru Beltzak, Ana Capilla & Julia Fäber, Bapatean, Cia. Laura Cobo, Laglo Zirko Dantza & Compañia, Larrua, Plataforma Tirante Colectivo, Philo&Jole, Sainete, Shuar Prest, Trapu Zaharrak eta La Banda.
Bestetik, Leioako taldeek berezko presentzia edukiko dute azokan. Umore Azokan egongo dira Leioako Musika Banda eta Diego Galaz, Despertar los sentidos elkarte artistikoa, Andoni Aresti Dantza Eskola eta Gerry Regitschnig clowna.
Festa inoiz baino luzeago
27.000 bisitari eta 200 artista baino gehiagogaz, Leioa osoa bihurtzen da agertoki erraldoi lau egunez. 26 kokagunetan 16 espazio eszeniko izango dira, eta lehenengo aldiz domeka gauera arte luzatuko dira ekitaldiak. Orain arte programazioa domeka eguerdian amaitu da beti; baina, aurten, piknika eta ekimenak antolatu dira gauera arte, Pinosolo parkean dagoen Kalian Hiri Kulturgunean.