2015eko Umore Azokako epaimahaiak saritutako taldeak ere izan dira ekitaldian garaikurra eta diploma jasotzeko; ekitaldiaren amaieran iragarri dute antolatzaileek Umore Azokaren aurtengo Ohorezko Saria.
Berrikuntza eta gertutasuna
Etengabeko ikerketa da Kukai dantza-taldearen oinarria; euskal dantza tradizionaletik edaten du berrikuntzari ateak zabaltzeko eta dantza garaikidea sortzeko. 2001ean aurkeztu zuen Kukaik "Deiadar" aurreneko ikuskizuna, eta geroztik hainbat obra sortu ditu. Azkena, "Oskara", La Veronal konpainiagaz batera sortutakoa.
Trukea eta elkarlana dira Kukairen beste ezaugarrietako batzuk. Berbarako, Cesc Gelabert koreografoagaz egindako lanaren emaitza izan zen "Gelajauziak" ikuskizuna; iazko Dantza Talde Onenaren Max saria jaso zuen, Umore Azokan estreinatu zuen ikuskizun horri esker. Harreman estu eta luzea izan du azokagaz Kukaik: Besteak beste, bertan estreinatu eta erakutsi ditu "Soka" (2009), "Karrikan" (2011) edo "Hazipenen poza" (2015) piezak.
"Kukaik Umore Azokarekin erakutsitako konpromisoa eskertu nahi dugu”, esan du Ana Lopez zuzendariak. "Kalerako ikuskizunak sortzeko jauzia azoka honetan ematea erabaki zuen Kukai dantza-taldeak, eta geroztik eutsi egin dio harreman horri ia produkzio guztia plaza honetara ekarriz".
Markeliñe, 2015ko Umore Azokako sari banaketan
Iazko sariei dagokionez, Markeliñe taldeak jaso du Euskadiko Kale Ikuskizun onenaren saria "Andante" obrarengatik. "Kalea eraldatzeko erakutsitako ausardiagatik, eta kale-antzerkiaren muinera joz publikoa giro poetiko eta iradokitzailean murgiltzeagatik" irabazi du garaikurra, Umore Azokako arduradunek nabarmendu dutenez.
Compagnie Les Mobilettes taldeak jaso du Kale Ikuskizun Onenaren saria, "Cafe Frappe!” lanagatik. "itxurazko soiltasunez espazio publikoarekin elkarrizketa sortu, eta ikusleekin benetan bat egitea lortzeagatik".
Azkenik, Paula Quintanarentzat izan da 2015eko Artista Berri Onenaren Saria “Latente” lanagatik. "Dantza eta antzerkia uztartzeko erakutsitako heldutasunagatik eta proiekzio aukera handiak dituen ikuskizun biribila sortzeagatik” eman diote, antolatzaileek adierazi dutenez.