Maskaradagaz hasiko dira Lamiakoko jaiak, barikuan

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 24a, 10:29

Bariku honetan, maiatzak 27, hasiko dira San Maximo jaiak, Lamiakon; domekara arte hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da Leioako auzo horretan. Besteak beste, lehenengo egunean, kaleetan barrena ibiliko dira Mari, Aker, Inguma eta beste hainbat pertsonai mitologiko; izan ere, 1978tik hona, Euskal Herriko mitologiaren antzezpena egiten dute urtero Lamiako Maskarada kultur elkarteko kideek.

Hala, 17:30ean, Gaztelubide kalean dagoen Putzegilearen errotondatik kalejiran abiatuko dira Maskaradako partaideak, Lamiakoko metro geltokiraino; Maiatzak, erraldoiek, fanfarreak eta herriko dantzariek maskaradaren etorrera iragarriko dute. 18:30ean, berriz, Mari eta Sugaar bere senarra agertuko dira Lamiaren eskulturaren ondoan. Besteak beste, joan-etorria egingo dute Txopoetako garbitegiraino, bidean pertsonaia mitologikoakaz dantzatuz eta gaueko akelarrerako gonbita luzatuz. Hain zuzen ere, 22:30etik aurrera, suaren inguruan dantzatuko dute batutako pertsonaiek, Lamiakoko eliza ondoan.

Egitaraua

Maiatzak 27, barikua

  • 16:30 Txupinazoa eta 2016ko San Maximo jaien hasiera.
  • 17:30 Maskaradaren lehenengo zatiaren hasiera, Putzegilearen biribilgunean. Anima zaitez, jantzi baserritarrez eta biribilketan parte hartu.
  • 18:30 Maskaradaren bigarren zatia, txosnaren ondoan.
  • 20:30 Motozerra-mozketako erakustaldia.
  • 22:30 Maskaradaren hirugarren zatia, eliza ondoan.
  • 00:00 Dantzaldia Sandalo taldeagaz.
  • 02:15 Dantzaldiaren atsedenaldia eta irrintzi-txapelketa.

Maiatzak 28, larunbata

  • 08:00 Lamiakoko III. Lapiko Txapelketa, Merkatarien Elkartearen laguntzagaz. Parte hartu gura dutenek txosnak izena eman behar dute.
  • 10:00 Txupinazoa.
  • 11:00 Globoflexia-tailerra, etxeko txikientzat.
  • 13:00 Igel-toka txapelketa.
  • 14:30 Lapikoen aurkezpena.
  • 18:00 Tiragoma lehiaketa; Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria.
  • 18:00 Euskal dantza-erakusketa, eliza ondoan.
  • 20:00 Txorizoa sagardotan denontzat.
  • 21:00 Mozorro-lehiaketa, txosna ondoan.
  • 22:30 La Vikinga umoristaren emanaldia.
  • 23:30 Bingoa.
  • 00:00 Disko-dantzaldia, Galker taldeagaz.

Maiatzak 29, igandea

  • 10:00 Txupinazoa.
  • 11:00 Umeentzako gaztelu puzgarriak.
  • 13:00 Herri kirolak.
  • 14:30 Txapel-jaurtiketako XI. Lehiaketa.
  • 17:30 Lamiakoko XVII. Play-back Txapelketa (adin-muga barik).
  • 18:00 Goatekea: 70, 80, 90eko hamarkadetako musika onena, Iker Fernandez ezagunagaz.
  • 20:00 Sari-banaketa.
  • 21:00 Azken traka eta 2016ko jaien amaiera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun