Campusaren helburu nagusia da "bertaratuko direnak trebatzea eta euren maila hobetzea, ariketa teknifikaziorantz bideratzen, 2015-16 denboraldian egindako ahaleginari jarraipena emateko". Hala ere, dena ez da entrenamendua izango. Gaztetxoei jakinarazi dietenez, "aste honetan, saskibaloiaz gozatzeko eta aisialdiagaz bateratzeko aukera izango duzue, inguru disfrutagarri batean".
Hala, campusak hainbat kirol-jarduera aurreikusi du, tartean hipika eta tirolina. Antolatzaileek agindu dute "saskibaloiaren mito bat" izango dela bertan, entrenamendua egiteko, neska-mutilakaz argazkia ateratzeko, eta gura duten umeei autografoa emateko. Campusa mistoa izango da, eta 7 eta 14 urte bitarteko neska-mutilek parte hartu ahal izango dute.
Horren prezioa 280 eurokoa izango da, baina Kutxabankeko Gaztedi plana duten gaztetxoek 20 euroko deskontua dute. Izen-emateak maiatzaren 30era arte egin daitezke; alabaina, leku-kopurua mugatu denez, fundazioak inskripzioak ahalik eta lasterren egiteko eskatu du. Parte-hartzaileek campuseko kirol-arropa eta saskibaloi-baloia jasoko dituzte. Gainera, bazkaria, askaria, autobus-garraioak, diploma eta aseguruak prezioaren barruan daude. Izen-ematea federazioaren webgunean egin daiteke.
Beste behin ere, campuseko zuzendaria Joxean Figueroa izango da. Figueroa ACBn entrenatzaile profesional ohia eta Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren Entrenatzaileen Eskolako irakaslea da. Campusean berak ipiniko ditu kirol-jarraibideak.
Argibide gehiagorako, campus@bizkaiabasket.com posta elektronikora jo daiteke. Izena emateko, ordea, formulario hau bete beharra dago.