Euskal Hedabideen Behategia, daborduko martxan

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 13a, 13:59

Salces, Camacho eta Plazaola aurkezpenean.

Euskal hedabideen Behategiaren lehenengo urratsak jendaurrean aurkeztu zituzten pasa den martitzenean, Leioako campusean. Hekimen euskal hedabideen elkarteak, EHUk, eta Mondragon zein Deustuko unibertsitateek osatzen dute.

Euskarazko komunikabideek aspaldi izan dute munduan sortzen diren aurrerapen teknologikoak eta sektorearen mugimenduak antzeman, eta Euskal Herriko komunitate euskaldunera ekartzeko grina. Era berean, sektorea ikertzeko beharra defendatu dute antzinatik. Pasa den martitzenean, salto garrantzitsua eman zuten, Euskal Herriko hiru unibertsitategaz batera.

Gorka Salces euskal hedabideen behategiko koordinatzailea eta EHUko Nor ikerketa taldeko kidea, Idoia Camacho EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako dekanordea eta Fernando Plazaola EHUko Ikerketarako errektoreordea izan ziren Leioako campuseko agerraldian. Euskal prentsa ikertu, behatu eta ulertzeko balio izango du Behategiak. Haren xehetasunak eman zituzten. Behategia sortzeko sinatze-ekitaldi ofiziala, pasa den urtarrilean egin zuten Deustuko Unibertsitateak, EHUk, Hekimenek eta Mondragon Unibertsitateak.

Salcesek azaldu zuenez, ordutik hona Behategia ez da geldirik egon. Euskaraz dabiltzan komunikabideen eragin kuantitatiboa eta kualitatiboa neurtzeko tresna martxan ipintzeko ahalegin handia egin dute, eta, daborduko, bitarteko bi ipini dituzte ikerlarien, hedabideen eta euskaltzale ororen esku: Behategia.eus webgunea eta datutegia.

Idoia Camachok azpimarratu zuen euskarazko komunikabideak aztertzen dituzten ikerlarietako askok eta askok EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultatean egiten dutela behar, eta, besteak beste, hori dela-eta, fakultateak euskal hedabideen Behategiari babes instituzionala ematen diola ziurtatu zuen. Webguneak, sakelako telefonoak, tabletak edo on line telebistak aztertzen diren garaiotan, dekanordeak gogorarazi zuen euskal prentsa ez dela komunitate euskaldunaren tresna berria; 1848an, Agosti Xahok argitaratutako "Uscal-Herrico Gaseta" ekarri zuen gogora. Apur bat orainaldira hurbilduz, 1976 "euskarazko kazetaritzaren urtea" izendatu zutela azaldu zuen Camachok; orduan egin zen Lehen Euskal Komunikabideen Astea, eta Zeruko Argiak aldizkariaren diseinua eta edukia goitik behera berritu zituen. 2004an, ostera, Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua egin zela oroitarazi zuen dekanordeak, argi islatu nahi izan du Behategiak ere "erronka handiak" izango dituela.

Bidelagun izateko prestasuna agertu zuen Camachok, eta, pertsonalki, bere poztasuna agertu zuen behatze-erakundea sendotzeagatik, «fakultatean sartu nintzenean, bekadun, euskal prentsa izan zelako nire ikerketaren lehenengo eremua». Fernando Plazaola errektoreordeak gogoan izan zituen urtarrilean egindako sinatze-ekitaldia eta «gure kultura eta hizkuntza bultzatzeko» Behategia egiten dabilen "lan izugarria". Bere ustean, unibertsitateak lotura estua dauka informazioari lotutako fenomenoak ikertzeagaz. Emaitza eta fruitu asko espero ditu etorkizunean.

Ikerketa

Gorka Salces otsailetik da Behategiaren koordinatzailea, eta ez zuen ezkutatu aurkezpena Leioako campusean egiteak ikerlari berriak proiektura erakartzea duela helburu. Izan ere, gaur egun 38 ikerlari dabiltza euskal hedabideak aztertzen, baina kopuru hori "euskal komunikabideengan interesa duten" beste ikerlari, ikasle eta irakasleengana zabaltzea, elkarlanak sustatzea, eta lantzean behingo ekarpenak jasotzea dute erronkatzat. Bost talde dira gaur egun: Deustuko Euskal Gaien Institutua, Mondragoneko Hezikom eta EHUko Nor, HEKA eta HGH. Ikerketa-eremua, arloko gai orokorrez gainera, 138 komunikabide dira, nazio mailakoak zein tokikoak, digitalak, irratiak, telebistak edo paperezkoak. Haietako asko Hekimeneko bazkideak dira, horren bazkide da Tokikom, eta azken horren kide da HIRUKA Uribe Kostako komunikazio-taldea.

Behategiak "jarrera proaktiboa" erabiliz, erantzuna eman gura die euskarazko komunikabideen sektoreak aspaldian jasandako beharrei. Hekimen sortu aurretik, Euskarazko Hedabideen Mahaiak, 2010ean, eta Herri Ekimeneko Euskal Hedabideek, 2012an, erakunde bat aldarrikatu zuten, sektoreaz hausnartzeko, ikerketa akademikoa eta komunikazio-egitasmo profesionalen arteko lotura eta elkarlana estutzeko. Beraz, "berrikuntzarako eta ezagupenaren transferentziarako gunea" da Behategia.

Etorkizunari begira, hainbat erronka eta helburu ipini dizkio bere buruari euskal hedabideen behatokiak: "batetik, aztertu nahi dugu komunikabideek zer ekarpen egiten dioten hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuari", froga enpirikoen bidez. Bi arlo nagusitan kokatu dute ekarpen hori: lexikoaren estandarizazioa eta espazio soziofuntzionalaren eskaintza. Izan ere, orain arte behintzat, euskal prentsak "euskal hiztun komunitateari komunikazio-esparru sendoa eskaintzeko jarrera" agertu izan du. Salcesen arabera, "beste ildo estrategikoetako bat da euskarazko hedabideen sektoreak komunikazio-paradigma sozial eta teknologiko berrian izan ditzakeen arazoak eta aukerak identifikatzea". Komunikazio-arloan, gero eta eragin zabalagoa duten aldaketa teknologiko berriak kontuan hartuta, alternatibak eta irtenbide batzuk proposatu gura dituzte, arazoei aurrea hartu, irtenbideek aurrera egin dezaten. Bestalde, ikerlariak ziurtatu zuen neurketak egiteko "orain arteko tresnak gaindituta" daudela, eta, horregatik, "audientziak neurtzeko moduak birpentsatu nahi ditugu, eta neurketa berrietarako proposamenak hausnartu". Ildo horretan, neurgailu kuantitatiboak ez ezik kualitatiboak ere aldarrikatu zituen. Ildo berean, euskarazko hedabideak "eraginkorragoak izateko eta jende gehiagorengana heltzeko" gogoetak ere bultzatu gura ditu Behategiak, balizko publikoari begira.

Webgunea eta datutegia

Behategiaren aurkezpena baliatuta, Behategia.eus ataria ere aurkeztu zuten pasa den martitzenean. Daborduko euskarazko komunikabideen gaineko hamaika ikerketa, datu, albiste eta txosten interesgarri topa daitezke bertan. Euskaraz ez ezik, material garrantzitsuenak ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz ere argitaratuko dituzte.

Publiko orokorrak makina bat «harribitxi» topatuko du datutegiko estatistika, neurketa, aurrekontu, langile-tasa eta aldagaien artean. Halere, datu guztiak ez dira egongo edozeinek ikusteko moduan; ikertzaileek eta komunikabideek eurek azterketak egiteko gordeko dira batzuk. Salcesek azaldu zuenez, garrantzi handiko ekarpena egin dio proiektuari Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak bere datu-base demografikoa partekatu izanak. Zoritxarrez, Ipar Euskal Herriko datu denak ez daude, orain arteko atomizazio instituzionalaren eraginez. Behategiak interesa agertu zuen Helep elkargo berriagaz lan egiteko.

Horrez gainera, Hekimen euskal hedabideen elkartearen bazkideen 48 webguneen datuak batzen ditu Hekimen Analytics aplikazio ahalmentsuak, eta datu horietarako sarbidea izango dute ikerlariek zein hedabideek. Horregaz batera, Hekimeneko hedabideek aurten bete duten barne-inkesta ere azterketarako bidea izango dute. Urtero berrituko dituzte datu horiek. Halandaze, webguneak eskaintzen dituen "estatistikak zenbatu ezinak dira": komunikabideen egoitzen jabetzaz, langileez, euskarriez, "nahiko txalaparta sortzen duen gai garrantzitsu batez: diru-laguntzen eboluzioaz", eta abarrez.

Denen aurrean zabalduko diren informazioen artean daude hedabideen zerrenda, hedabide-motaren araberako sailkapena, haietako zeintzuk diren Hekimenen bazkide, eta, era berean, zeintzuk dauden Tokikomen batuta. Argibideak Euskal Herriko mapan modu txukunean eta hainbat koloretan koka daitezke. Gorka Salcesek iragarri zuenez, hemendik gutxira mapen diseinua telefono adimentsu eta tabletentzat ere egokituko dute. Bitartean, Salces beldur da "zeozerrek ihes egingo zigulako". Horregatik, Behategiari horren berri ematea eskatu du, zerbaiten falta igarriz gero.

Orain arte, datutegia osatzen eta webgunea hornitzen eta diseinatzen jardun du Behategiak. Hala ere, iragarri dute Euskal Hedabideen Urtekaria kaleratuko dutela aurten ere. Iaz, Behategia osatzen duten lau erakundeek elkarlanean osatu zuten lehenengo urtekaria. Aurten garrantzi handiagoa emango diote nazioarteko ikuspegiari. Era berean, euskal hedabideengan interesa dutenei gomendatu zien UEUko ikastaroetan parte hartzea, eta agendan urriaren 20tik 22ra bitartean libratzea: egun horietan egingo da-eta Digitaro Euskarazko Komunikazioaren Nazioarteko II. Biltzarra, Behategiaren laguntzagaz.

Hekimen elkarteak biltzen du euskarazko hedabideen gehiengoa. DANI BLANCO - ARGIA
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun