Bestalde, Bigarren Hezkuntzako zentroek aurkeztutako kexa-idatziei dagokienez, 50 izan dira denera, EHUk dioenez. "Proba egitera ikasleak bidali dituzten 240 ikastetxeetatik 50ek bidali dituzte", unibertsitateko arduradunek azpimarratu dutenez.
Azterketaren edukiak Batxilergoan irakasten den ikasgaiaren gaitegiagaz "hertsiki bat zetozela" berretsi du Euskal Herriko Unibertsitateak. "Emaitzetan eragina izan du, agian, matematika ariketak gizarte eta ekonomia arloaren testuinguruan planteatu direla, aurreko urteekin konparatuz, batez bestekoa baxuagoa izatea suposatu duena; baina, azpimarratu behar da denetariko emaitzak egon direla", EHUko agintariek diotenez.
Unibertsitatera sartzeko proben emaitzen lehenengo datuak ematerako orduan egin du aipatutako balorazioa EHUk. Zabaldu dutenez, Euskal Herriko Unibertsitatean unibertsitatera sartzeko probetara aurkeztu diren 9.663 ikasletatik 9.460k gainditu dute fase orokorra; hortaz, ikasleen % 97,90 gainditu du.
Hurrengo deialdiak
Notak ikasleak matrikulatu direneko ikastetxeetako ordezkariei eman zaizkie gaur, hilaren 16an, eta EHUren web gunearen bidez (http://www.sarrera.ehu.eus) ere ikusi ahal dira.
Erreklamazioa aurkeztuko edo bigarren zuzenketa eskatzeko epea ekainaren 17tik 21era da. Behin betiko emaitzak uztailaren 2an argitaratuko dira.
Bestalde, hautaproben ezohiko deialdia uztailaren 6, 7 eta 8an izango da. Deialdi ohikoan gainditu ez dutelako edo kalifikazioa hobetu gura dutelako, deialdi ezohikora aurkeztu gura dutenek berriro matrikulatu behar dute ekainaren 27an.