Leioako EH Bilduk aurreko hilabeteetan salatu duenez, edukiontzi marroiaren lehenengo urteko emaitzak "oso txarrak" izan ziren; "emaitza hauek birziklapen-politika eraginkor baten gabezia zirela azpimarratu genuen". Koalizio ezkerzalearen arabera, birziklapen kantitateek soilik 1,3% egin zuten gora bosgarren edukiontzia jarri eta lehenengo urtean, horren erabilera bultzatzeko "estrategia gabeziaren" ondorioz. "Birziklapen-politika eraginkor batek edukiontziak jarri eta triptiko batzuk banatzea baino gehiago behar du; Leioako Udala bi ekintza horietara mugatu zen, helbururik finkatu gabe. Bizkaiko Foru Aldunditik jasotako diru-laguntza ez erabiltzearen ondorioz, 33.000 itzuli behar izan zituen", azaldu du EH Bilduk.
Gaineratu dutenez, "guk argi genuen emaitza hauen aurrean birziklapen-politiketan sakoneko aldaketa eman beharra zegoela, eta horregatik emaitzen salaketa hutsa egin ordez, gure burua eskaini genuen birziklpen-politikak elkarlanean diseinatzeko. EAJ eta PSE-EEren udal gobernuaren erantzuna ordea bestelakoa izan da; eztabaidarik gabe eta oposizioari informaziorik helarazi gabe, berriro ere, emaitzarik eman ez zuen aurreko komunikazio-kanpainaren antza daukan kanpainan 22.000 euro gastatzea erabaki dute".