Unibertsitatera sartzeko probek atal nagusi bi edukiko dituzte: orokorra eta espezifikoa. Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea dauka helburu atal orokorrak. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta Literatura; Euskara eta Literatura; Filosofiaren Historia edo Historia; Atzerriko Hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko ikasgai baten azterketa, ikasleak gura duena. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.
Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (%60 Batxilergoari dagokio eta %40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.
Atal espezifikoa borondatezkoa da, eta bere helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazoitzeko gaitasuna arlo jakin batzuetan; alegia, unibertsitatean egin gura dituzten ikasketakaz zerikusia duten arloetan. Fase horrek aukera ematen dio ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzen. Atal espezifikoan ikasle bakoitzak Batxilergoko bigarren mailako modalitateko edozein gai aukera dezake, fase orokorrerako aukeratu duena izan ezik. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango dituzte atal honetan. Eta, gehienez, 4 puntu lortu ahal izango dituzte. Gai bakoitzari 0 puntutik 10 puntura bitartean emango zaio, gutxienez 5 bat lortzen bada hartuko da kontuan, eta azkeneko nota aterako da borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta Unibertsitateak ezartzen ditu, gaiak hautatutako graduagaz duen harremanaren arabera.