EH Bilduk kezka adierazi du osasun-sistema publikoa "ez delako behar bezala prestatzen ari belaunaldi-erreleboari heltzerakoan hizkuntza irizpideak kontuan hartzeko eta, beraz, Osakidetzaren euskalduntze prozesuan aurrera egiteko, betiere herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatze aldera". Aralarreko kideak "kezkagarritzat" jo du medikuntza ikasketak euskaraz egin gura dituzten hainbat ikasle Euskal Herriko Unibertsitatetik kanpo geratu izana, "etorkizuneko profesionalen prestakuntza-prozesua euskaraz burutzea funtsezkoa delako osasun sistema publikoan hizkuntza eskubideak errespetatzeko".
Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzari galdetu dio ea zer asmo duen Medikuntza fakultate horretan euskarazko ikasketak bultzatzeko eta, horren haritik, datozen urteoi begirako planifikazio integral bat egiteko, "hemendik gutxira Osakidetzak mediku eta erizainen behar handia izango duelako eta logikoena litzatekeelako eszenatoki hori prestatzerakoan hizkuntza irizpideak kontuan hartzea". Izan ere, "datozen urteotan 4.000 erizain eta 3.000 mediku inguru jubilatuko dira eta horrek ezinbestean ekarriko duen belaunaldi-erreleboa herritar guztien hizkuntza eskubideen errespetua bermatzeko baliatu behar du Jaurlaritzak".