Ruben Belandia, lehendakarigai izateko Ahal Duguren hautagaietako bat

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 26a, 14:23

Ruben Belandia, iaz.

Bihar, eguaztena, hasiko da EAEko Ahal Duguren barne hauteskundeen kanpaina, alderdi horrek udazkeneko hauteskunde autonomikoetan aurkeztuko duen lehendakarigaia erabakitzeko. Pasa den domekan amaitu zen epea hautagaitzak aurkezteko; sei dira aurkeztutako hautagaiak, haietako hiru norbanako gisa eta beste hiru zerrendatan,tartean Ruben Belandia Esnatu Leioako zinegotzi eta Antikapitalistak kolektiboko kidea.

Hautagaitzetako beste hautagai biak dira Pili Zabala, GALek hildako Joxi Zabalaren arreba eta EAEko eta Madrilgo zuzendaritzen apustua; eta Juan Luis Uria, medikua eta EAEko aurreko zuzendaritzako sektoreak proposatutakoa. Horrezaz gainera, beste hiru hautagai aurkeztu dira, Ahal Duguk baieztatu duenez: Zaloa Aizpiri Aguirre bilbotarra, Manuel Garcia Alfaro banatzaile basauritarra eta Olga Uruñuela Cuenca Arabako etxegabetzeen aurkako plataformako militantea. Bestalde, Arantxa Cenitagoya Calzada Ganemos Erandioko zinegotziak bere burua aurkeztu du, Eusko Legebiltzarrerako zerrendakide izateko. Bozketa uztailaren 29a eta 31 bitartean egingo dute.

Ruben Belandia Fradejas leioaztarra Euskadi Aldatu izeneko zerrendaburu da; besteak beste, hautagaitza kolektibo horretan Ana Gonzalez Bringas Ezker Batuko zinegotzi ohia, Marisa Gadea Nebreda militante sopeloztarra eta Jose Ignacio Vicente Martinez Leioako Ahal Duguren idazkari nagusia ere aurkeztu dira, Bizkaiko 2, 9. eta 12. postuan. Euskadi Aldatuk adierazi duenez, zerrenda propioa erregistratu dute "gizartearen mobilizazioaren garrantzia azpimarratzen duen" eta "Euskadin ere benetako aldaketa bultzatu nahi duten guztion parte hartze horizontala integratzailea eta etiketarik gabekoa bilatzen duen" alternatiba "desberdina" aurkezteko.

Desadostasunak

Izan ere, hiru dira hautagaitza horrek aurkezteko izan dituen arrazoiak. Hasteko, Zabalak eta Uriak gorpuzten duten proiektuakaz "desadostasun politikoa" daukate: "esan dute euren helburua ez dela PNV Eusko Jaurlaritzatik kentzea, eta gu ez gatoz bat horrekin". Bere aldetik, Euskadi Aldatuk goiburu argia hautatu du: "Euskadi ez da inoren batzokia".

Euren ustez, Ahal Duguren helburua "ez da gure instituzioen loreontzia izatea, krisiak kaltetutako gehiengo sozialaren onerako aldaketa sakonak bultzatzea baizik". Era berean, kritikatu dute EAEn Espainian legez, alderdiko biko sistema osatzen dutela EAJk eta PSE-EEk, nahiz eta "alemaniar erarako akordioak oso maiz gertatzen" diren, eta gaur egun udal eta aldundi gehienak horrela gobernatuta daudela diote. Euskadi Aldatuk alderdi bi horiei leporatu die 37 urtez "estolderiak" partekatzea, "lagunkerian oinarritutako enpresa-harremanak" sortzea, energia-enpresa handien administrazio-kontseiluetarako "ate-birakariak" erabiltzea eta, beraz, klase politikoaren "pribilegioak aregoatzea", "kasta bihurtu den arte".

Kritikatu dutenez, txirotasun eta behin-behinekotasun handia dago "benetako Euskadin"; egoera horretan, diru publikoa errepide "erraldoiak", abiadura handiko trenak eta errauskailuak egiteko erabiltzen dela salatu dute, osasungintzan, hezkuntzan eta dependentzian "murrizketa handiak egon" diren bitartean. Hortaz, EAJk eta PSE-EEk orain arte bideratutako "politika horiekin akordioak egitea ezinezkoa" dela ziurtatu dute. Horren ordez, "Herritarrak Erreskatatzeko Plana martxan jartzeko gobernua osatzeko gehiengo berriak" sortzeko apustua egingo dute.

Jendarte mobilizazioa

Haatik, gehiengo berri horiek sortu bitartean, kaleari begirada bota diote Euskadi Aldatu hautagaitzako kideek. Euren arabera, aldaketarako alternatiba bultzatzeko indar-metaketa prozesua herri mobilizazio zabalagaz abiatu zen, baina indar hori hauteskunde-eremura mugatu da azken boladan. Frantziako jendarte-mugimenduen mobilizazio-ahalmena goraipatu dute: "Frantziako mobilizazio mailarekin batera, horrekin bat egiten duen indar politikoa egongo balitz, garaiezinak ginateke".

Hasierako izpiritua aldarri

Euskadi Aldatuk zabaldu duenez, Ahal Duguk barne-hauteskundeetarako mekanismoak ez dituzte gustuko, zerrendak sortu zirenetik. Gainera kexu dira "orain arte garaile atera diren zerrendak ez dute dinamika integratzailerik sortu nahi izan, eta hori oso kezkagarria da". Dena den, argi daukate Ahal Duguren barruan adostasunak gehiago direla desadostasunak baino, eta deitu dute Ahal Dugura "hurbildu gintuen hasierako izpiritua, zabala, parte hartzailea, anitza eta horizontala" berreskuratzera.

Ruben Belandia

Ruben Belandia EHUko Bibliotekako zuzendari albokoa da, 55 urte ditu, 1983tik ezkonduta dago eta seme-alaba biren gurasoa da. 1988tik bizi da Leioan. Geografia eta Historian lizentziatua eta Lan arriskuen prebentziorako goi mailako tituluduna da. Gaztetan zerbitzu militarrari kontzientzia-eragozle eta intsumiso izan zen. 1980an hasi zen EHUn lan egiten, liburuzain. Steilas sindikatuko kidea, EHUko Administrazio eta Zerbitzuko Pertsonalaren Pertsonal Batzordeko kidea da gaur egun, eta garai batean sindikatuko Lan Osasun arloko arduraduna izan zen. Era berean, unibertsitateko hainbat erakundetako partaide izan da, hala nola Klaustroa eta Gizarte Kontseilua.

Dioenez, bere bizitza osoan parte hartu izan du borroka sozial eta politikoetan. Ahal Dugu (Podemos) alderdiko kidea da hasiera-hasieratik; eta Fuera la Casta ustelkeriaren kontrako mugimenduan parte hartu du.

Belandia Leioako zinegotzia da gaur egun, Esnatu Leioa herri-hautagaitzaren zerrendaburua izan ondoren. Bere curriculumean aipatu duen ez arren, Leioako Ezker Batua-Berdeak taldeko zinegotzia izan zen 2004tik 2007ko maiatzera arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun