Errepide bana zabaldu dute Leioandin eta Larrakoetxen

Iker Rincon Moreno 2016ko abu. 11a, 16:33

© LEIOAKO UDALA

Auzoak lotzen dituen beste errepide bi dauzka Leioak. Auzoen arteko konexioak hobetzeaz gainera, herri barruko trafikoa arinduko dute eta zonalde horietako herritarrek aparkaleku gehiago edukiko dituzte, udal arduradunek nabarmendu dutenez.

Martitzenean, abuztuak 9, zabaldu zuten goizeko 9etan, Leioandin, udaletxeko biribilgunetik Sarrienako biribilgunera doan errepide zatia; hau da, Irlandesas ikastetxerako eta EHUren Leioako campuserako igoera. Denera, 250 metro dauzka errepide-zatiak; horrez gainera, tranbiaren plataforma jartzeko zatia, bidegorria, espaloiak eta 28 aparkaleku gehiago dago. Aldaketa berri honegaz, Elexalde etorbideko aparkalekuak 188  dira orain.

Irekiera berri honek trafiko-aldaketak eragin ditu: goranzko norabidea tranbiaren plataformaren eskuinean mantenduko da, eta kontrako norabidea bere ezkerrean. Azken ukitua emateko, lorezaintza-lanak geratzen dira oraindik; "geldialdi begetatiboan landatu behar dira zuhaitzak", Udaletik azaldu dutenez. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak egiten dabiltzan VISESAko etxebizitzen promozio bien (hurrenez hurren, 108 eta 96 etxe) urbanizazioa amaituko dute.

Larrakoetxe

Larrakoetxen, Landabarri errekaren alde bietan dauden auzoak lotzen dituen errepide zatia ere martitzenean zabaldu zuten; San Bartolome-Artatza eta Artatzagane-Sarriena-Aldekoena lotzen ditu. Orain, Sektorearen Hitzarmen Batzarrak San Bartolome zonaldeko urbanizazio lanak amaitu eta erreka gainetik pasatuko den zubia egin beharko ditu.

Zehazki, 150 metro ditu errepideak, bidegorria, espaloiak eta 60 aparkalekuakaz; azken horiekaz, "biribilgunearen obrengatik 19 aparkaleku kendu izanak sortutako arazoak konponduko ditu", agintari leioaztarren ustez.

Baina, San Bartolomera heldu arte, errepide honek ez du irtenbiderik izango; beraz, honen akabuan norabide aldaketa egiteko leku egokia utzi dute. Bestalde, lorezaintzako azken lanak geratzen dira egiteko, zuhaitzak landatzea berbarako; udazkenaren akabuan egingo dira, horretarako sasoi egokia delako; beti ere, Uraren Euskal Agentziagaz elkarlanean, Landabarri errekaren erriberan egingo direlako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun