Guardia Zibilaren ustez, droga mundu-mailan banatzen zuen Leioako laborategitik. Bertatik diseinu-droga sintetikoak bidaltzen omen zituzten atzerriko hainbat herrialdetara: Europara, Ozeaniara eta Ipar Amerikara; bereziki, Estatu Batuetara. Operazioan atxilotutako pertsona biak Erresuma Batuko hiritarrak dira.
Ezkutuko laborategitik hainbat substantzia psikoaktibo berri banatzen ziren munduko zenbait tokitara, institutu armatuaren bertsioaren arabera. Guardia Zibilak jakitera eman duenez, konfiskatutako droga sintetikoak hainbat modutan zeuden: apalgarriak, pilula moduan; bizigarriak, hauts bezala; eta haluzinogenoak, azidoak bustitako kartoietan.
Ikerketa abuztuaren 2an abiatu zen eta bariku honetan amaitu; hura indarrean izan den bitartean, Guardia Zibileko agenteek industria-nabe bat aurkitu zuten Leioan, erabiltzen ei zena legez kontrako laborategi legez. Bertan, substantziak manipulatu, dosifikatu eta postaz banatzen omen zituzten, nazioarte-mailan.
Drogak, gutunazaletan
Guardia zibilek ikusi omen zuten hainbat gutun-azal nabetik gertu dagoen gutunontzi batean. Horien barruan, substantzia batzuk zeudela konturatu ei ziren; hortaz, nabean sartu ziren agenteak, miatzeko. Bertsio ofizialaren arabera, substantziak kutxa txikietan zeuden gordeta, eta dokumentazio ugari zegoen: bidalketak, fakturazioak, material informatikoa, balantzak, zigiluak jartzeko makinak, eta substantziak manipulatzeko hainbat gailu.
Operazioa Bizkaiko Komandantziaren Guardia Zibilaren Polizia Judizialeko Unitate Organikoak garatu du, eta zenbait erakunderen babesa ere izan du, hala nola Medikamentuaren eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziarena eta Europako Polizia Bulegoarena ere.