Lamiakoko Earle izan zenari alegazioak aurkezteko epea amaitzear dago

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 8a, 11:00

© LEIOAKO UDALA.

Abuztuaren 16an, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) argitaratu ziren Earle izan zenaren antolamendu berria arautzen duen proiektuaren nondik norakoak. Orain, irailaren 13an amaitzen da epea, alegazioak aurkezteko. Proiektu horregaz, Leioako Udalak hainbat helburu dauzka: Lamiako auzoari oinezkoentzako zonalde zabala eskaintzea, trafikoa desbideratzea zaratak gutxitzeko, berdegune bat sortzea, udal ekipamendu berri bat sortzea eta bidegorrien sarea handitzea.

2011n HAPO-Earleko 14C Plan Berezia behin-betiko onartu zen. Dokumentu horretan, zonalde horretako antolakuntza zehazten zen, eta oinarri bezala hartu zen ondorengo Hirigintza Proiektuan eta Hirigintza Jardueren Egitarauan.

2016ko hasieran, lursailak birzatitzeko prozeduragaz batera, Leioako Bulego Teknikoan eraikinen konposizioa eta banaketa aldatzearen beharraz ohartu ziren, beti ere eraikigarritasuna handitu barik. Aldaketa horregaz ondoko helburuak lortu gura zituzten:

  • Langileria kalean erreferentziazko zonalde publikoa sortzea: luzeran 310 metrotako zonaldea estalitako galeria bategaz batera, merkataritza jarduerak bultzatzera bideratutakoa.
  • Trafikoa metroaren ibilbiderfa paraleloan desbideratzea, eta horrela, zaratak (kotxeak zein metroa) bateratzea eta etxeetatik aldentzea.
  • Parke berria sortzea (berdegunea) eta udal ekipamendu berri batentzako lursaila gordetzea.
  • Bidegorrien sarea handitzea.

Eraikiko diren bolumenen berrantolaketa honegaz, "Lamiako auzoko bizi kalitatea handitu" gura dute agintari leioaztarrek, eta handitzen den zonaldean lamiakoztarrentzat ekipamendu eta aisialdi zonalde berriak sortu, auzoari zabaltasun sentsazioa emanez eta segurtasuna handituz. Bide batez, espazio berri horiekaz, merkataritza berpiztu gura dute zonaldean. Hori guztia eraikigarritasuna handitu barik.

Txosten hori zinegotzien aurrean aurkeztu zen uztailaren 26ko Hirigintza Batzordean, eta horri buruzko informazio dena leioaztarren eskura dago udal Bulego Teknikoan (Errekalde plaza 1. 08:30etik 13:30era) eta udal web gunean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun