Bestalde, abuztuaren 23an Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako dekretuak idi-probetan abereek jasaten duten zigorra areagotu egiten duela uste du Animaliekiko Tratu Txarren Kontrako Leioako Taldeak. Abereen aldekoek aitortu dute arau berriek neurri zorrotzagoak ezartzen dituztela idien dopatzea ekiditeko. Gogoratu dutenez, 2014an idi bi hil ziren Erandiogoikoako jaietan. Dekretu berriaren arabera, proba bakoitzean albaitari bat egongo da animalien egoera aztertzeko eta epailearen aholkulari izateko. Hala ere, tratu txarren kontrakoen berbetan, 2008ko foru-dekretuak ez bezala, orain onartutako legeak ez du esaten idiak xaxatzeko erabiltzen diren akuiluen puntek kamutsak izan behar dutenik; "orain arte erakustaldietan debekatuta zegoen metalezko punta erabiltzea", gaineratu dutenez.
Animaliari ematen zaion zigorra gehiegizkoa ote den erabakitzeko ahalmena Euskadiko Herri Kirol Federakundeak izendatutako epaileek daukate oraindino. "Nahiz eta akuiluak metalezko punta ez izan, ohikoa da idiei debekatutako aldeetan ziztadak ematea, Santimamin gertatu zen moduan; edo animaliei jipoi galantak ematea, Leioako San Bartolomen gertatu bezala. Epaileek ez zuten inolako neurririk hartu orgariak zigortzeko", adierazi dute abereen aldekoek; horren bideoak dauzkate.