Kultur Leioa bueltan da, udagoienerako egitarau "bikaina" eskainiz

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 12a, 18:17

"Lapsus, desconcierto acústico" kontzertuagaz hasiko da ikasturte berria. © LAPSO PRODUCCIONES

Udagoien honetan, Kultur Leioak 23 ikuskizun eskainiko ditu: lau antzerki-proposamen eta helduentzako hiru dantza-emanaldi, sei kontzertu "Musika Arimarekin" eta "Musika Gertu" zikloen barruan, haurtxoentzako antzerki-ikuskizun bi eta familientzako zortzi, besteak beste. Horrez gainera, erakusketak, zinema, lehiaketak... egongo dira; Aterpe Leioa Gaztegunearen, liburutegiaren, eta auzo-geletako jarduerak ahaztu barik.

Hasteko, irailaren 23an, barikua (entzungelan, 21:00etan), "Lapsus, desconcierto acústico" kontzertuagaz hasiko da "Musika Arimarekin" zikloa. Aipatutako ikuskizunak "keinua, zuzeneko musika eta poesia" uztartzen ditu; "umore dosi handiagaz, adin guztietako ikusleentzat" egindako saioa da, Kultur Leioako arduradunek azaldu dutenez.

Gainera, sorpresak izango dira Kultur Leioaren XII. urteurrenean. Besteak beste, irailaren 30ean, barikua (entzungelan, 20:30ean), Alberto Sanzolen "La respiración" lana eskainiko du Teatro de La Abadía y La Zona taldeak. Tragikomedia magistrala da, aparteko testua, luxuzko aktore-zerrenda eta energiaz beteriko muntaia oinarri dituena. Antzerkia, letra larriz.

Urria

Antzerkiagaz jarraituz, urriaren 2an, domeka (entzungela, 18:00etan), "Vuelos" familia-ikuskizuna eskainiko du Aracalandanza konpainia ospetsuak. Bost dantzari dira obraren protagonista; hegaz egiteko ametsa ikertzen dabiltza eta objekturik burutsuenak asmatzen dituzte.

Urriaren 14an, barikua (edaritegian, 21:00etan), "Musika Gertu" zikloaren barruan, Talabarte Galiziako hirukoteak joko du. Folkaren bitartez, garaikidetasuna eta usadioa uztartzen dituzte, musika herrikoietan zehar doan bidaian.

Urriaren 15ean, zapatua (entzungelan, 20:30ean), Doos Colectivo konpainiak "Anotación no 7" aurkeztuko du, dantza garaikide eta bideo-proiekzioko proposamena; beldurra, mugak eta pertseberantzia aztertzen dituena.

Urriaren 21ean, barikua (entzungelan, 20:30ean), "Cuaderno en blanco" lanaren estreinaldia egingo da Leioan, Hika Teatroa konpainiagaz; García Lorcaren "Bernarda Albaren Etxea" izeneko testuan oinarrituta dago. Gatazka, zirrara, umorea eta poesia oso modu erakargarrian biltzen dituen lana da, konpainia gipuzkoarraren marka nahastezinagaz batera.

"Musika Arimarekin" zikloagaz jarraituz, Xabi Aburruzaga Band Kultur Leioara iritsiko da urriaren 28an, barikua (entzungelan, 21:00etan). "Jaialdi ugaritan jo duen trikitiaren munduko erreferentea dugu. Usadioa eta modernitatea loturik, folk garbienetik jazzaren soinuetara doa bidaian", azaldu dute Kultur Leioako arduradunek.

Hileko egitarauagaz bukatzeko, urriaren 30ean (entzungelan, 18:00etan), Iraya Producciones eta Voilà Producciones-en "A la luna" lanagaz gozatzeko aukera egongo da. Antzerkia, mappinga eta marrazki bizidunak uztartzen dituen familia ikuskizuna da; istorio magiko, samur eta dibertigarria.

Azaroa

Azaroagaz hasteko, dantza egongo da: hilaren 4an, barikua (entzungelan, 20:30ean), Roberto Oliván-Enclave Arts del Moviment konpainiak "Lonely together" lana estreinatuko du, EAE mailan. Robert Oliván eta Gregory Maqoma hegoafrikarraren arteko elkarrizketa dantzatua da aipatutako ikuskizuna, Laurent Delforge musikari belgikarraren zuzeneko musikaren laguntzaz.

Azaroaren 11n, barikua, "Musika Gertu" zikloagaz jarraituz, Olé Swing-ek bere lan berria estreinatuko du EAEn: "Sueño gitano", Espainiako musika herrikoi eta Frantziako Gipsy Jazzaren arteko fusioa; ijitoen abesti hilezkorrak swing lan bilakatuta. Alaitasun hutsa.

Azaroaren 13an, domeka (entzungelan, 18:00etan), familia-ikuskizun ederra egongo da; "Amour" lana eskainiko du Marie de Jongh-ek. 2016ko Feten saria eman zioten ikuskizunik onenari, eta 2016ko Ercilla saria euskal produkziorik onenari.

Azaroaren 18an, barikua (entzungelan, 20:30ean), antzerkia izango da, Artedrama Kultur Leioako konpainia egoiliarragaz, Dejabu Panpin Laborategiagaz eta Le Petit Téâtre de Pain-egaz. "Francoren bilobari gutuna" hiru euskal konpainia hauek elkarregaz sortu duten hirugarren lana da, euskal antzerkia aireberrituz.

Azaroaren 19an eta 20an, familiako txikienen gozatzeko txanda da, “Txiki txiki txikia” izeneko Haurtxoentzako Arte Eszenikoen Zikloagaz (12:30 / 18:00). Hala, Pontenpie katalanek "Loo" aurkeztuko dute, formatu intimista eta poesia bisualekoa. Bere aldetik, La Baracca-Testoni Ragazzi konpainia italiarrak, 40 urteko esperientzia duenak, "Giratondo" aurkeztuko du, etengabe mugitzen dabilen ikuskizuna, musika eta irudi magiko eta jostagarriakaz.

Azaroaren 25ean, barikua (entzungelan, 21:00etan), "Musika Arimarekin" zikloko hirugarren kontzertua izango da: Rocío Márquezek oso proposamen pertsonala egingo du Pepe Marchena maisuaren inguruan, flamenkoaren munduko handietako bat.

Abendua

Abendura iritsiz, hilaren 2an, barikua (entzungelan, 20:30ean), dantzarako proposamena egingo du Guy Nader konpainiak. "Time takes the times time takes" (TTTTTT) ikuskizunean, dantzari boskotea igoko da agertokira, zuzeneko musikaz lagunduta; elkarrizketa dinamiko eta fisikoa mugimenduaren errepikapenaren bidez. Kritika bikainak eta harrera paregabea lortu ditu jaialdi desberdinetako publikoaren artean.

Abenduaren 16an, barikua (entzungelan, 20:30ean), "La piedra oscura", Alberto Conejeroren harri bitxi txikia ikusgai egongo da, Centro Dramático Nacional eta LaZona-k produzitua. Sari asko bildu ditu Pablo Massiez zuzentzen duen eta Daniel Grao eta Nacho Sánchez aktore bikainen interpretazioez gozatzen duen lan zirraragarri honek. "Lorcaren arima ere testuan igarri daiteke. Oroimena justizia-gune gisa jorratzen duen lana, konponbidearen beharraz hitz egiten duena. Tentsio dramatikoa eta pultsu poetikoa barra-barra", adierazi dute Kultur Leioatik.

Abenduaren 23an, barikua (entzungelan, 21:00etan), "Musika Arimarekin" zikloari bukaera emateko, Travellin’ Brothers taldeak nazioarte mailako artista bategaz joko du. Sorpresako topaketa, ikuskizun paregabea ekarriko duena.

Eta abenduaren 26tik 30era (entzungelan, 18:00etan), "Gabonetan antzerkira" Gabonetako Arte Eszenikoen XVII. Erakustaldia egongo da: aktore-antzerkia, txotxongiloak eta objektuen manipulatzea, dantza, itzalak, xaboi-burbuilak eta musika asko. Horrela, abenduaren 26an, astelehena, haurren munduan eskarmentu handia daukan Marisa Amor konpainiak "Corazón de elefante" aurkeztuko du; zuzeneko mugimendu eta musika jolastu, eraiki eta asmatzea gustuko dutenentzat. Hurrengo egunean, Mastretta-k eskainiko du "Mastretta en familia" umeei musikaren oinarriak modu dibertigarri eta parte hartzailean erakusteko ikuskizuna; Nacho Mastretta, Marina Sorin, Luca Frasca eta Coque Santosegaz. Abenduaren 28an, egueaztena, La Canica Teatro de Títeres-ek "Sirenita" aurkeztuko du; 2016ko Fetén saria txotxongilo-ikuskizunik onenari. Bi aktorek Andersenen klasikoaren egokitzapen erakargarria eszenifikatuko dute objektu desberdinen bitartez. Gabonetako jardunaldiakaz jarraituz, abenduaren 29an, eguena, Nacho Diagok "Viaje a la luna" magia-ikuskizuna eskainiko du. "Ilargira joango gara txartel bakarrarekin: irudimena", aipatu dute Kultur Leioako arduradunek. Eta 30ean, Markeliñek "Euria" aurkeztuko du; antzerkia, poesia, umore zertzeladak eta sorpresa-bisualak gainditze-gaitasunari buruzko istorio batean.

Erakusketak

Arte eszenikoko eta musikako egitarau oso horri erakusketa programa interesgarria batu behar zaio. Irailaren 25era arte, Javier Oyarzun eskultore nafarraren "Uneak nire jatorrizko faunan" esposizioa bisitatu ahal izango da Kultur Leioako erakusketa aretoan; 3Da lotsa barik erabiliz, eskultore honek errealismo harrigarria lortzen du.

Urriaren 3tik 23ra, Bosteko 2016 ikusi ahal izango da, erakusketa ibiltari honen hemeretzigarren edizioa, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza duena. Irailaren 7an hasi zen, Basaurin, eta Leioatik igaro ostean, Arrigorriaga, Zornotza eta Algortan egongo da ikusgai. Edizio honetan, hiru artista hautatu dituzte: David Hornback (argazkilaritza), Leire Urbeltz (ilustrazioa) eta Algortako Portu Zaharrean bizi izandako Laurita Siles (ikus-entzunezkoa eta instalazioa). Euren lanek edizio horren gaia dute komunean, "Deserriratuak".

Urriaren 31tik abenduaren 30era, Kultur Leioako 5. solairuan, Leioako 28. Argazki Lehiaketara aurkeztutako lanen hautaketa baten erakusketa ikusi ahal izango da.

Azaroaren 10etik abenduaren 11ra, Juan Torreren "Ukitzeko Irudiak" egongo da; argazkiari begiratzeko modu urratzailea, eskuak aurretik jarriz.

Eta urteari amaiera emateko, abenduaren 17tik urtarrilaren 22ra, Ane Pikaza artista eta ilustratzaile bizkaitarrak Leioako erakusketa aretorako beren beregi prentsatutako erakusketa egingo du.

Kultur Leioako lagunak

Urterik urte, Kultur Leioak abantailak eskaintzen dizkie Kultur Leioaren lagun-txartela dutenei, beherapen bereziak gehituz sarrerek duten ohiko %25eko deskontuari; zinema eta arte eszenikorako gonbidapenak, beherapenak tailerren matrikuletan, eta askoz gehiago ere eskaintzen dute. Gainontzeko ikusleentzat ere %50era arteko deskontu interesgarriak dauzkate, taldeentzako sarrerak erosterako orduan; sarrerak aurretiaz erosten badituzte (beherapen berezia irailaren 16a baino lehen); edo antzerki, musika, dantza eta familia ikuskizunen sorta bereziengatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun