Ekimena Ingeniaritza Fisikoko doktoretza programaren barruan dago eta Master eta Doktorego Eskolak finantzatzen du. EHUk jakinarazi duenez, Natanael Ayllon Rozas Gasteizen jaio zen 1984an. Telekomunikazio Ingeniaritza Teknikoko eta Ingeniaritza Elektronikoko ikasketak egin zituen EHUn, 2005ean eta 2007an bukatuz, hurrenez hurren, eta 2011n doktoretza lortu zuen EHUko Elektrizitate eta Elektronika Sailaren, Thales Alenia Space enpresaren (Frantzia) eta Frantziako Espazio Agentziaren (CNES) arteko lankidetza proiektu baten testuinguruan. Espazioan erabiltzen diren irrati frekuentzien teknologienganako motibazioak 2011n Europako Espazio Agentziara (ESTEC, Noordwijk, Herbehereak) mugitzera eraman zuen, eta gaur egun, etorkizuneko Europako telekomunikazio, nabigazio eta Lurraren behaketa sistementzako zirkuitu integratu eta potentzia anplifikazio ekipoen garapenaren arduraduna da agentzia europarrean.