Zirku-tailerra izango dute barikuan Leioako neska-mutilek

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 10a, 09:30

Barikuan Jai! ekimena, artxiboko irudian. © ERAGINTZA - LEIOAKO UDALA

Pasa den irailaren 30etik, bueltan da Leioan Barikuetan Jai!, ume eta familientzako jolas, tailer eta ikuskizunen programa euskalduna. Hurrengo jarduera zirku-tailerra izango da, urriaren 14an, barikuan, jakina. Ohi legez, hitzordua Kultur Leioako arkupeetan ipini dute, 17:30ean.

Barikuetan Jai! aisialdian euskaraz gozatzeko aukera eskaintzen duen egitasmoa da, Leioako Euskara Zerbitzuak antolatua. Haur, gaztetxo eta familiei zuzenduta dago eta barikuero garatzen da Kultur Leioako arkupeetan, 17:30etik 19:30era. Egitarauaren barruan ondoko jarduerak egiten dira: jolasak, eskulanak, tailerrak, sukaldaritza, ikuskizunak, dantzak… Udazkenean eta udaberrian izaten dira ekintzak eta Eragintza Kultur Erakundeko lau hezitzailek dinamizatzen dituzte. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "aukera paregabea da lagun berriak egiteko, une dibertigarriak bizitzeko, eta, batez ere, euskararen erabilera sustatzeko".

Programaren helburua da haurrek eta familiek euskara erabiltzea herriko plazetan eta kaleetan, eta horretarako barikuero jarduera bereziak egiten dituzte euskarazko harreman sareak zabaltzeko eta euskara erabiltzeko guneak eta aukerak sortzeko.

Datozen ekimenak

  • Urriaren 14an, zirku-tailerra.
  • Urriaren 21ean, herri-kirolak.
  • Urriaren 28an, kartoi-tailerra.
  • Azaroaren 4an, altxorraren bila.
  • Azaroaren 11n, munduko jolasak.
  • Azaroaren 18an, birziklapen-tailerra.
  • Azaroaren 25ean, perkusio-tailerra, Sökolé kolektiboagaz.
  • Abenduaren 2an, talo-tailerra.
  • Abenduaren 16an, azken jaia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun