Leioako Euskara Irakurle Kluba hasiko da datorren astean

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 10a, 09:30
Alaine Agirre idazlea. BUSTURIALDEKO HITZA

Laugarren urtez, Leioako Udal Liburutegiak antolatuko du Euskara Irakurle Kluba. Aurreko urteetako mekanika jarraituz, literaturazaleak hilabete bakoitzeko hirugarren asteazkenean bilduko dira Kultur Leioako lehenengo solairuko hemerotekan, 19:30ean. Urriaren 19an izango da lehenengo saioa, Alaine Agirreren "X hil da" liburuaren gainean berba egiteko.

Hilabeterako proposatu den liburua irakurrita eroatea gomendagarria bada ere, "ez da derrigorrezko betekizuna", liburuzainek azaldu dutenez. "Ondo pasatzeko eta gauza berriak ezagutzeko proposatzen dira liburuok eta, azken finean, solaserako aitzakiatzat baino ez ditugu erabiltzen. Beraz, taldea nolakoa den jakin nahi baduzu baina ez bazara etortzen ausartzen liburua ez duzulako irakurri… galdu beldurrak eta zatoz lasai", aholkatu dute.

Ikasturterako liburuak

Urriaren 19an, Alaine Agirreren "X hil da"

Sinopsia: Hainbat arrazoi izan ditzake maitearen galerak: haren heriotza, ihesa, asperdura, traizioa… bakoitza desberdina baina denak izugarriak bakarrik geratzen den maitalearentzat. Herio eta galbide bakoitzaren atze-aurre guztiak xeheki aztertzen ditu nobela honetako protagonista eta narratzaileak, intentsitate harrigarria lortzen duten pasarteetan, ikara berberak behin eta berriz exorzizatuz, obsesio baten bulkada eutsiezinaz.

Azaroaren 16an, Juan Luis Zabalaren "Txistu eta biok"

Sinopsia: "Berria" egunkarian kultura arloko kazetaria da "Txistu eta biok" nobelako pertsonaia nagusia. Albaitariak Txisturi, etxeko txakurrari, gaitz bat diagnostikatu dionean, harekin duen harremanaz idazten hasi da. Lanetik aparteko idazketa libreari gustua hartuta, bere beste hainbat kontu jorratzeari ekiten dio. Kulturarekiko sentitzen duen desatxikimendua du aipagai nagusietako bat.

Abenduaren 21ean, Mircea Cărtărescu-ren "Erruletazalea", Josemari Sestorainek itzulia

Sinopsia: Batetik, narratzailea dugu, laurogei urte izanik beharrik ez duen agure bat; hurrena, erruletazalea, jendartetik baztertua, inoiz deusetan zorterik izan gabe aldiro bizia jokatzen duena erruleta partidetan. Eta jendea ere badago, mota eta jatorri guztietakoa, morboz beterik erruletazalearen agerpenen zain.

Urtarrilaren 18an, Joxean Agirreren "Gizajoen katalogoa"

Sinopsia: Nobela bat idatzi nahi du gizonezko protagonistak, bera joaten den literatura-tailerreko irakasle emakumezkoak hartarako dohainak dituela esan diolako; idazlegaia bere gizajo gogokoenen galeria bat biltzen hasten da, koitadu kutunen pasadizoekin ganorazko zerbait egingo duelakoan; horrekin batera, bere emaztearen eta alabaren istorioak kontatzen dizkigu, elkarri beren maitaleei buruzko konfidentziak egiten ibiltzen direnak.

Otsailaren 15ean, Mark Haddon-en "Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia", Xabier Olarrak itzulia

Sinopsia: Christopher 15 urteko gaztetxo bat da. Oroimen, fotografikoa du. Badaki zein diren munduko, herrialde guztien hiriburuak, gai da erlatibitatearen teoria azaltzeko, eta baita 7.507 bitarteko zenbaki lehenak parra-parra botatzeko ere. Beste pertsonak, ordea, ez ditu ulertzen. Bere etxeko soropilean bizilagunaren txakurra hilda aurkitu duenean, erabaki sendoa hartu du: hiltzailearen bila hasiko da eta hilketa-eleberri bat idatziko du. Baina hori ez da izango argituko duen misterio bakarra…

Martxoaren 15ean, Jane Austen-en "Harrotasuna eta aurrejuzguak", Ana Isabel Moralesek itzulia

Sinopsia: Harrotasun klasistak eta portaera sozialari buruzko aurrejuzguek gaizki-ulertu mingarri batera eraman dituzte Elizabeth Bennet eta Darcy jauna. Haiena bezalako gizarte estu eta hipokrita batean, biak elkarrengana hurbiltzea erabateko abentura izango da. Bide luze horretan Ingalaterra georgiarreko hainbat pertsonaia gogoangarri ezagutuko ditugu, baina guztien artetik Elizabeth Bennet argia eta jostaria nabarmenduko da, literatura unibertsalak ondutako izaki xarmagarrienetako bat.

Apirilaren 19an, Marie Darrieussecq-en "Ahardikeriak" Joxan Elosegik itzulia

Sinopsia: Lurrin-denda batean lan egiten duen neska arrunt baten zerri eme edo ahardi bihurtzea kontatzen da nobela honetan. Itxuraldatze harrigarri hori Europako edozein hiritan kokatuta egon daiteke eta alegia samur eta aldi berean bortxazkoa da giza aberearen gainekoa, umore beltz finez kontatua.

Maiatzaren 17an, Mikel Peruarenaren "Su zelaiak"

Sinopsia: Frantziako Armadak 1914ko udan gerrara deitu zituen euskal gazteak ere. Hilabete gutxi batzuetako kontua izango zela uste zutenak tronpatuta zeuden, ordura arteko gerra odoltsuena bilakatuko baitzen, 60 milioi pertsonaren mobilizazioarekin eta teknologia militar berrienarekin.

Ekainaren 21ean, Annie Ernaux-en "Begira zenbat argi, maitea", Xabier Aranburu "Artzai"-ek itzulia

Sinopsia: Urtebetez elikatu du Annie Ernauxek Trois-Fontaineseko zentro komertzialeko Auchan hipermerkatura egindako bisiten egunkaria. “Beste era batera ikusten dira gauzak, idazteko behatzen badira”, idatzi du. Saltoki handien mundua azalduko digu, bada, idazleak. Erosketak egitearen alde “nekagarria” alde batera utzita, beste alderdi bati erreparatu dio Ernauxek: gizakien arteko hitzordu erraldoia omen dira, erabateko ikuskizuna.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun