Leioako Udalak bederatzi langabetu kontratatuko ditu

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 4a, 17:05
Leioako Udalak kontratatutako behargin bi. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak udalerriko 9 langabetu kontratatuko ditu, sei hilabetez, 2016ko Tokiko Enplegu Planaren markoaren barruan. Programa zehatz bitan parte hartuko dute langile horiek: auzoko laguntzaileen lanetan, batzuek; eta udal azpiegiturak eguneratu eta modernizatze lanetan, besteek. Ekimena Lanbidegaz elkarlanean egingo dute, Leioako Behargintzaren bitartez. Interesdunek urriaren 17ra arte daukate Lanbidetik pasa eta euren curriculumak egokitzeko.

Proiektu horiek enplegua sustatzera bideratuta daude, eta Leioako garapen sozioekonomikoan eta  modernizatzean eragingo dute. Gainera, bat egingo dute Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 Enplegu-planaren tokiko ekintzaren helburuagaz eta emakume zein gizonen arteko berdintasunaren printzipioagaz.

Proiektu horien garapenen bidez, Leioako Udalaren asmoa da "herritarren enpleagarritasuna hobetzeaz gainera, udalerriaren lehiakortasuna eta erakargarritasuna sustatzea, bizitzeko gune atsegina izan dadin". Jarduerak honako multzo bietan banatuko dira:

Auzoko laguntzaileak; Guztira, 7 pertsonek osatuko dute Auzoko Laguntzaileen taldea: koordinatzaile bat, 4 laguntzaile eta 2 behargin, laguntzaileek antzemandako gertakariak konponduko ditutenak. Horiek, estu estuan lan egingo dute Leioako Udaltzaingoagaz, batez ere, informazioa eman edota zenbait gaitan informazioa eskaintzeko herritarrei, "Udalaren eta herritarren arteko lotura indartuz".

Udal azpiegiturak eguneratu eta modernizatzearen aldeko lanak; pertsona bi arduratuko dira udal eraikin guztietako instalazio elektrikoen inbentarioa jasotzeaz, energia-kontsumoa eraginkorragoa izan dadin eta energia-sistema lehiakorragoa osatzeko. Gainera, argiketarien informazio dena Leioako Udalaren Informazio Geografikoko Zerbitzuan bilduko dute. Era berean, bestelako datuak ere eguneratuko dituzte, hala nola, udal sare, lorezaintza eta hiri altzarien (paperontziak, edukiontziak, bus geltokiak, haurrentzako jolasak, e.a.) inbentarioak eguneratzea. Profil zehatzak eskatuko dituzte: argiketari bat eta delineatzaile bat, biak Informazio Geografikoko Zerbitzua sisteman adituak.

Hautagaien aurretiko selekzioa egin ondoren, lanpostuen %30 gorde beharko dira Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen dutenentzat, %40 emakumeentzat, eta %15 55 urtetik gorakoentzat. Kopurua horiek ez dira ausazkoak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen tokiko enplegua sustatzeko ekintzetarako diru-laguntzen araberakoak baizik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun