Psikologian katedraduna da Balluerka (Ordizia, Gipuzkoa, 1966). Berrikuntza bi ekarriko lituzke aukeratua izatekotan. Batetik, herrialdeen arteko banaketari begiratuta, Gipuzkoako errektorea luke EHUk: Gipuzkoan jaioa eta Gipuzkoako zentro bateko irakaslea. Bestetik, EHUko lehen emakume errektorea litzateke. 1985ean postu horretan egon zen Arantza Mendizabal, baina ez zuen errektore kargua; jardunean aritu zen, Gregorio Monrealen ordez, urtebete eskas.
EHUren agintaritzan hamar urte pasatxo daramatza Balluerkak. Errektoreorde 2006an izendatu zuten, Perez Iglesiasen agintaritzapean; Kalitate eta Ikasketa Berrikuntzako errektoreorde aritu zen. 2008an berriro aurkeztu zen bozetara Perez Iglesias, eta zerrendan zegoen Balluerka ere. Hautagaitza bakarra zen, eta galdu egin zituen bozak. Goirizelaiak hartu zuen lekukoa orduan, eta bi agintaldietan errektoreorde izan du Balluerka. Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen errektoreordea da gaur egun.
Beste hautagaitzarik?
Momentuz, hautagai bakarra aurkeztu da EHUko errektoretzarako hauteskundeetara. Azaroaren 3ra arteko epea dago hautagaitza-taldeak aurkezteko.