Erakusketa 1936ko eta 2016ko irudien muntaiek osatzen dute, eta horietako batzuk Getxon hartutakoak dira. Horiek denak, erbesteratu euskaldun eta katalanen birbiloba den Mauro Saravia argazkilari txiletarraren begitik hartutakoak dira. Bere argazkiakaz eta Sabino Arana Fundazioaren artxibokoakaz erakutsi gura dute "gaur egungo errealitatea iragan ez oso urrun baten ondorio dela".
"Erakusketak lehen Eusko Jaurlaritzaren garaiak, Agirre Lehendakariaren irudia eta garai hartako gizartea erakutsi nahi ditu. Iragana eta oraina ere islatu nahi izan dut, sasoi hartan nola sortzen ziren gertakizunak eta nolakoa den gaur egungo euskal gizartea", dio erakusketaren egileak.
Erakusketak hamabi panel ditu, haietako zazpi bikoitzak dira eta argazkiak bi aldeetan dauzkate. Paneletako bakoitzak azalpen-testu bat dauka, gaur egungo eta iraganeko irudiak testuinguruan kokatzen dituena.
Argazki-erakusketaz gainera, ispilu-kubo bat dago, Agirreren balioen inguruko zenbait galderakaz, jendeak kuboan bertan idatziz erantzun dezan.