EITB sortu zenetik 34 urte pasatu dira; "Euskaldunon Egunkaria" kaleratu zela, 26 urte dira; hedabide lokalak zabaltzen hasi zirenetik ere beste horrenbeste... Euskarazko Kazetaritzaren I Nazioarteko Kongresua egin zela, berriz, daborduko hamabi urte igaro dira.
Jardunaldi haien abiapuntua euskarazko hedabideen gaineko halako diagnostiko-aitortza bat izan zen, eta, besteak beste, honako puntuak zehaztu ziren: euskal komunikazio esparrua txikia izanik ere izan bazen, eta gero eta nabarmenagoa hedabideen munduan; alabaina agerian zuen zenbait ahulezia ere: egoera soziolinguistikoa, merkatuaren txikitasuna, lan-baldintza makurrak edo diru-laguntza politika definitu gabeak. Diagnostiko horregaz batera ondorioetan honako baieztapenak eta aldarrikapenak jasotzen ziren: erakunde publikoen laguntza eta lankidetzaren beharra; gutxieneko estandarretan, kalitatean egin beharreko apustua; euskarazko publizitate sareak osatu beharra, non Administrazioak berebiziko ardura izan beharko lukeen; albiste-iturriak landu beharra; espezializazioa lantzea; teknologia berrietara egokitze bidean multimedia ereduak garatzen joatea, eta bere burua ezagutzeko egitura iraunkorrak jartzea martxan. Hori dena landu eta finkatu beharrak zekartzan buruhausteez gain, digitalizazioak zekarren erronkari zelan erantzungo zitzaion ez zen ziurra.
Lekukoa
2004ko kongresuaren lekukoari helduta dator aurtengo biltzarra. Orduan, digitalizaioaren atarian ikusten zuten euskarazko hedabideek beren burua. Daborduko aro digitalean bete-betean sarturik gaude, eta, mendebaleko herrialde gehienetan gertatu den bezala, euskal kazetaritzaren eta komunikazioaren mundua goitik behera eraldatu da: etengabeko aldaketak eta berehalakotasunak bizi du gaur gure komunikazioa.
Euskarazko hedabideetan diharduten aspaldiko profesionalen eta hasi berriagoak direnen jarduerak ezagutzeko parada izango da biltzarrean, ohiko kazetaritzaren bideetan dabiltzanenak eta bide berriak urratu eta lantzen diharduten beste komunikatzaile batzuenak, eduki eta formatu berriak probatzen dabiltzanenak.
Helbide honetan dago ikusgai bi egun eta erdirako atondu den egitarau nagusia: www.digitaro.eus/programa
Nolanahi ere, egitarau nagusian ageri den baino zabalagoa eta pluralagoa da euskarazko komunikazioaren jarduera gaur. Komunikazioak aurkezteko espazioetan ezagutu daitezke beste hamaika esperientzia eta ikerketa: www.digitaro.eus/call-for-papers
Biltzarraren antolatzaile eta sustatzaileak honako erakunde hauek izan dira: EHUko Bizkaiko campusa, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Ikus-entzunezko eta Publizitate Saila, Kazetaritza eta Kazetaritza II sailak; UEUko Komunikazio Saila, Hekimen, Berria Taldea eta EITB.