Gizon bat atxilotu dute Leioan beste lagun bat kolpatu duelakoan

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 26a, 12:24

Ertzain-patruila bat. IREKIA-EUSKO JAURLARITZA

Ertzaintzak 40 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo arrastian, lesio-delitua leporatuta. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, akusatuak indar handiz eraso egin zion Leioako merkataritza-gune bateko jatetxe batean bere bikotekideagaz zegoen beste gizonezko bati. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten.

Gertaerak eguerdiko 12:40an izan ziren Peruri auzoko merkataritza-gune bateko jatetxe baten barruan. Polizia-iturriek diotenez, eztabaida baten ondoren, establezimenduko jolas-makinetako batean jolasten zebilen 40 urteko gizonezko batek indarrez eraso egin zion jatetxeko mahaietako batean bere bikotekideagaz eserita zegoen beste gizonezko bati. Izandako lesio larrien ondorioz, osasun-zerbitzuko kideek biktima artatu eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten.

Hainbat lekukok ikusi zuten ustezko erasotzailea bertatik alde egiten, baina merkataritza-guneko zaintzaileetako batek erasotzailea atxiki zuen Ertzaintzaren patruila iritsi arte. Erasoaren ustezko egilea identifikatu, eta egintzak baieztatu ondoren, poliziek 40 urteko gizonezkoa atxilotu zuten lesio-delituaren akusaziopean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun