Leioaztarrak zazpigarren aldiz eta seigarren urtez jarraian lehiatzen dabiltza Estatu espainiarreko Lehenengo Mailan. Ohi den legez, Jon Lopezek entrenatzen duen "izurde urdin-berdeen" taldea oso gaztea da: zortzi jokalarik 20 urte baino gutxiago baitituzte. Gainera, hasieratik egin duten moduan, harrobiko apustuari segida eman diote, eta iazko multzoa mantendu egin dute. Salbuespen bakarra Aida Bartolomé da, pasa den udan Bordeleko USB taldean jokatzen hasi baitzen. Leioa Waterpoloren golegile nagusia izan zen iaz Bartolomé eta bera ordezkatzea erronka bilakatu da taldearentzat. Dena den, betiko filosofiari eutsi diote, kanpoko fitxaketak egin barik. Hala, geratu den hutsunea Sakonetako harrobi umel eta aberatsetik tiraka bete dute.
Izan ere, leioaztarrak kontziente dira emakumezkoen waterpoloko eliteagaz lehiatzen direla, "etxeko jendeak eta etxeko jendearentzat egindako" proiektu bategaz, eta harro daude horretaz. Horregatik, Kataluniako Sant Feliu taldeagaz batera faboritoa den 98’02 nafarraren aurka galtzeak ez ditu leioaztarrak etsiaraziko. Are gutxiago, arerio horiek biak jokalari berriakaz sendotu direnean, leioaztarrak partidak kontrolatzeko kapaz direla ikusi dutenean, eta zaleak prest dituztenean eurakaz bidaiatzeko eta edozein igerilekutan animatzeko.
Jon López teknikoaren ustez "taldea lotsagabeki gaztea da, horregatik uste dugu onena dela anbizioa eta zuhurtasuna bateratzea. Aurreko denboraldiaren maila oso altua da eta horrek ez gaitu itsutu behar".
Leioaztarrek Santa Eulaliaren kontra jokatuko dute Sakonetan, zapatuan, 18:00etan.