Vicrilak 1890ean zabaldu zituen ateak Lamiakon. Ordutik hona gora behera ugari jasan ditu. Besteak beste, 2009ko azaroan, ARC Frantziako multinazionalak jakinarazi zuen lantegiaren jarduera betiko etengo zuela handik bost urtera; 2013an, lantegiko labeen iraungitzeagaz batera. Orduan, enpresako zuzendaritzak erosi zion konpainia ARCri, Luis Manuel Fernandez buru zeukan taldeak. Eusko Jaurlaritzak babestu egin zuen operazio hori, Ezten arrisku kapitaleko funtsaren parte hartzearen bitartez. Orain Fernandezen zuzendaritzak eraman du beirategia hartzekodunen konkurtsora. Langile-batzordeak intentzio hirukoitza ikusten du operazio horren atzean. Batetik, uste du ARCk erosi gura duela berriro konpainia, eta konkurtsoan salmenta prezioa merkatu gura duela enpleguaren kaltetan; bigarrenik, uste du zuzendaritzak gainetik kendu gura duela egungo egoeraren erantzukizuna; eta azkenik, Jaurlaritzak ez ikusiarena egin gura duela "berea ere baden proiektu baten aurrean". Beharginak ez daude prest horretarako. Gogorarazi dute azken urteetan gerrikoa estutu dutela enpresaren onerako. Langileak sinetsita daude enpresa bideragarria dela, Vicrilak Espainiako merkatuko %30eko kuota duelako, "gure esfortzuari esker".
Langileek datozen egunetan zehaztuko dute mobilizazioen egutegia, eta "laguntza" eskatu diote gizarteari Vicrilaren etorkizuna ziurtatzeko. Mobilizazioen bitartez, Jaurlaritzari eskatu gura diote dagokion erantzukizuna har dezala eta enpleguaren jarraipena eta lan baldintzak berma ditzala. 2012an, 19 milioi inbertitu zituen gobernuak enpresan, Mexikon lantegia zabaltzeko. Era berean, Vicrilako zuzendaritzari eskatuko diote ez dezala plantaren salmenta merkatu enpleguaren eta lan-baldintzen kaltetan. Zuzendaritzak bere "kudeaketa ezin txarragoaren gaineko erantzukizuna hartzea" gura dute beharginek.