Leioa Mendi Taldea, 25 urtean gorantza egiten

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 10a, 18:29

Leioa Mendi Taldeko kideak 1991ean, Astxikin, euren lehenengo igoeran. © LEIOA MENDI TALDEA

Aldats gora eginez, 25 urtez gozatu dute Leioako mendizaleek daborduko. 1991ko azaroaren 24an egin zuten lehenengo txangoa gailurtxo batera: Abadiñoko Astxiki tontorra, 785 metrokoa. 25 urte eta ehunka tontor geroago, Leioa Mendi Taldearen familia zabalak urtemugako ekitaldiak hasiko ditu azaroaren 13an. Bazkide gehiago lortzeko kanpaina ere egingo dute mendizaleek.

Leioako hainbat kirolzale batu ziren 1991ko azaroan, herriko mendizale denak batuko zituen talde bat sortzeko eta gazteei naturagaz harremanetan egoteko kirol-jarduera hori ezagutzeko aukera emateko. Handik denbora gutxira, azaroaren 24an, antolatu zuten lehenengo ekimena: Astxikiren konkista. Hala, bat egin zuten Atxarteko inguru naturalaren defentsan Euskal Herriko mendizaleek deitu zuten kontzentrazioagaz. Aste bat pasata, 1991ko abenduaren 2an, klubaren eraketa-batzarra egin zuten. Bertan, lehenengo zuzendaritza batzordea izendatu zuten: Diego Calvo, Mikel Martínez, Asier Goitia, Iñaki Rodríguez eta Agustín G. de Langarika.

Erregistroetan, ordea, hurrengo urtean onartu zuten Leioa Mendi Taldearen inskripzioa. Adibidez, Bizkaiko Mendizale Federazioak, Euskal Mendizale Federazioak eta Espainiako Mendi Federazioak 1992ko ekainean aintzat hartu zuten elkartea.

Urteurreneko lehenengo ekimena

Gaur egungo 800 mendizale leioaztarrek datorren urtean, 2017an, egingo dituzte ospakizunen ekitaldi gehienak, baina aurten Astitxiren txango hura gogora ekarri eta omentzeko keinu txiki bat egingo dute, hurrengo ekimenen aurrekari gisa. Hala, azaroaren 13an, domekan, txango bat egingo dute "Euskal Herriko bazter ederretako batetik: Arrazolako bide berdea Atxondoko aranean", Leioako Mendi Taldeko kideek aurreratu dutenez. "Ibilbide biguna" izango da, esan dutenez.

Txangoaren ostean Elorrion bazkalduko dute, Guria jatetxean. Bertan, "kluba bizirik mantentzeko borrokatu" duen jendeari omenaldi txiki bat egingo zaie. Izan ere, ekimenaren helburua bikoitza da; alde batetik,  "neba-arreben arteko elkarbizitzaz egun batez gozatzea, akorduan ditugun oroitzapenak partekatzea" eta, beste aldetik, "garai desberdinetan klubeko jardueretan parte hartuz bere historia idatzi dugun taldekideok batzea". Irteera horretan parte-hartzeko izen-ematea zabalik dago daborduko. Bazkideek 30 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek 53 euro.

Konpainia oneko paseoa

Ohi legez, autobusa Pinuetatik irtengo da, goizeko 07:50ean. Ondoren, mendizaleak batzen joango dira Lamiakon, Luis Bilbao Libanoko autobus geralekuan, Deustuko San Pedro plazan eta Bilboko Zabalburu plazan, Ertzain-etxearen ondoko autobus geralekuan. Azken hitzordu hori 08:20an finkatu dute. Atxondoko aranera helduta, Apatamonasteriotik hasita hamar kilometroko ibilbide erraza izango dute, mendatea igo eta irteerara bueltan heltzeko. Lau orduan beteko dute, geldialdiak kontuan hartuta, mendizaleek aurreikusi dutenez. Desnibela eta metatutako igoera 150 metrotakoak izango dira. Antolatzaileek gomendatu dute berotzeko arropa eta "konpainia onean paseoa emateko gogo handiz" joateko.

Talde zabala

Orain dela 25 urte, kuadrilla txiki bat izan zena, Bizkaiko mendi-elkarte garrantzitsu bat da gaur egun, 800 bat bazkidegaz. Hainbat ataletan batzen dira Leioa Mendi Taldeko kideak, berbarako: txangoak, eskalada eta bulderra, kide gazteen gustukoena. Halere, gorabehera handiak izan dira klubean; orain dela bost urte elkartea bertan behera geratzeko arriskupean egon zen. "Inork ez zuen gura lanean ibili irabazteko asmorik gabeko elkarte batean" ekarri du akordura Teodoro Esteban klubeko diruzainak. Garai horretan, hutsune hori betetzeko ardura hartu zuen bera parte den taldeak, eta ez da damutu. Izan ere, urteurreneko egitaraua zehazten dabiltza, tartean Portugalerako bidaia bat.

Mendizale aitzindariak

Leioa Mendi Taldea 1991ko azaroan sortu zen, baina mendizaletasuna askoz lehenago jaio zen Uribe Kostako herri horretan. 1928an, Lexona’ko Mendigoizale Arrapatzenbazaitut tal­dea eratu zuten, antza, Leioa futbol-taldeko kideek; 1930etik aurrera ez dago horren berri gehiagorik. 1953an, Grupo Alpino Lejona heldu zen, eta zortzi urtez jardun zuen. Azken urtean 165 bazkide izan zituen. Leioa Mendi Taldeko presidente den Santiago de Diegok elkarte haiek aldarrikatu ditu, eta argi dauka gaur egungo taldearengan eragina izan dutela: "Grupo Alpino Lejonaren jarraitzaile historikoak sentitzen gara", azaldu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun