Nekane Balluerka doktorea da EHUren errektore-hauteskundeetarako hautagai bakarra

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 11a, 13:05

© NEKANE BALLUERKA

EHUren Hauteskunde Batzordeak, inpugnazioak aurkezteko epean bat ere aurkeztu ez zenez, behin betiko aldarrikatu zuen astelehenean Nekane Balluerka irakasleak aurkeztutako hautagaitza. Berarena izango da hauteskundeetara aurkeztuko den zerrenda bakarra. Hautagai bakarra dagoenez, hautatua izateko, %33 baiezko boto lortu beharko ditu Balluerkak, azaroaren 24ko bozketan.

Nekane Balluerka doktorea Portaera Zientzien Metodologia jakintza arloko katedraduna da, eta Psikologia Fakultateko irakaslea. Gaur egun Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea da, eta aurretik EHUko kudeaketan hainbat kargu izan du.

Azaroaren 24an egingo da bozketa, 09:00etatik 18:00etara. Horretarako, ikastegi denetan (EHUko beste toki garrantzitsu batzuetan ere bai) egongo dira botoa emateko kutxak. Bozketan aldeko emaitza lortuz gero, Nekane Balluerka irakaslea litzateke Euskal Herriko Unibertsitatean errektore hautatutako lehenengo emakumea.

Hauteskundeetako egutegia eta prozesuaren ezaugarriak

Azaroaren 7an hasi zen hauteskunde-kanpaina; hautagaiak eta beragaz doan taldeak euren programaren berri emango diete unibertsitateko kide denei (www.ehu.eus/eu/web/idazkaritza-nagusia/errektore-hauteskundeak), azaroaren 22ra arte. Lehen esan bezala, bozketa azaroaren 24an izango da, baina botoa lehenago emateko aukera egongo da azaroaren 14, 15, 16, 17 eta 18an, EHUko ikastegietan.

Hautagai bakarra dagoenez, aldeko botoa edo boto zuria bakarrik eman daitezke. Hautagaiak, hautatua izateko, botoen %33 baiezko boto lortu beharko ditu.

EHUko arduradunek azaldu dutenez, boto-zenbaketa ez da egiten emandako boto-kopuruaren arabera, baizik eta unibertsitateko talde desberdinei dagokien ehunekoa kontuan hartuta. Horrenbestez, 2.200 bat irakasle-ikertzaile (IRI) doktoreri botoen %56,25 dagokio. 315 bat IRI ez-doktoreri botoen %7,5. Gainerako IRIri, 3.000 bat lagun, botoen %2,09. Ikasleei, 40.000 lagun inguru, botoen %22,08. Eta administrazio eta zerbitzuetako langileei, ia 1.900 lagun, botoen %12,08.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun