Vicrila egoera larrian

Vicrilako langileei elkartasuna eta babesa adierazi die Leioako Udalbatzak

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 14a, 22:00
Vicrilako langileek manifestazioa egin zuten azaroaren 8an.

Gaur arrastian egindako ezohiko eta premiazko osoko bilkuran, Lamiakoko Vicrila lantegiko beharginen aldeko adierazpena onartu dute, aho batez, Leioako Udalbatza osatzen talde politiko denek; Alkatetzak proposatutako idatziari, babesa agertu diote EAJk, Esnatu Leioak, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk. Besteak beste, Leioako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatuko dio "akordio egokiak lortzeko helburua daukaten jarduera-prozeduretan parte hartzen jarraitzea, alde denen borondatea errespetatuz". Bitartean, bere eskumenen barruan, Vicrila kokatuta dagoen industria-zoruaren kalifikazioa ez aldatzeko konpromisoari eutsiko dio Udalak.

Vicrilako langile-batzordeak sufritzen dabiltzan egoera larria azaldu zion Mari Carmen Urbieta alkateari. Halaber, Udalbatzak bere jarrera adieraz zezan eskatu zion udal agintariari. Beharginek azaldu legez, Lamiakoko lantegiarentzat hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu dute Vicrila enpresako arduradunek, eta lantokia "ixteko arriskuan" dago; horrek zuzeneko 300 lanposturen eta zeharkako beste horrenbesteren galera ekarriko luke.

"120 urte dauzka Vicrilak, eta beti egon da Leioan. Ezinbesteko enpresa da gure udalerrian, ez bakarrik dakarren zuzeneko eta zeharkako enplegu kopuruagatik, eta urte hauetan denetan udalerrian sortu duen balioagatik ere bai. Hori dela-eta, zalantza barik, Leioako herritarren ordezkariok enpleguaren defentsa eta Vicrilaren industria-jardueraren aldeko jarrera garbia erakutsi behar dugu", irakur daiteke onartutako adierazpen instituzionalean.

Ildo horretan, Vicrilako langileei elkartasuna agertu diete, "ziurgabetasun eta zalantza uneak bizi dituzten une hauetan". Lehentxeago aipatutako neurriez gainera, hartzekodunen konkurtso-prozeduran, "enpresak bere egoerari buruzko informazioa emateko ardura hartzea, eta egokia bada, bideragarritasun-plana aurkeztea" eskatuko die Leioako Udalak Vicrilako arduradunei. Bide batez, "udalerriko industria-ehundurari laguntzen jarraitzeko konpromisoari" helduko diote agintari leioaztarrek; Lamiakoko beiragintza-lantegua kokatuta dagoen industria-zoruaren kalifikazioa ez aldatzeko erabakia hartuz, "enpleguari eutsi" gura dio Udalak, eta "udalerrian aberastasuna sortzearen alde agertu".

Vicrila enpresari, bertoko langileen batzordeari eta Eusko Jaurlaritzari bidaliko diete Udalbatzak hartutako erabakiaren kopia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun