Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) jarduneko errektoreak aginduta zeukan "segurtasun neurriak" hartuko zituela gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako campusetan, errektore berria aukeratzeko hauteskundeetan, "bozkatzeko eskubidea bermatzeko". Bereziki, "Leioako campusean sor litekeen egoerak" kezkatzen zuen Goirizelaia, ikasle-mugimenduak mobilizazioa deituta zeukala bertan. Manifestazioa hasi aurretik ere nabariak ziren "segurtasun neurri zorrotzak" campusaren barruan eta kanpoaldean; Ertzaintzaren Brigada Higikorreko furgonetak zeuden nonahi.
Protesta hasi eta gutxira, ordea, Ertzaintzak ikasleei oldartu zaie, eta manifestari bat atxilotu. Atxiloketa horren kontra, Bilboko Arriaga plazan batuko dira arrastian. Istiluetan, ertzain bat ere zauritu da. Segurtasun indarrek alde egindakoan, baina, ikasleek aurrera jarraitu dute manifestazioan.
Amaieran, ekitaldi bat egin dute Mikel Laboa plazan. Ikasleen "zapalkuntza" salatu dute, eta EHU "burgesiaren mesedetan" dagoela. Arazoa "sistemaren baitan" dagoela uste dute, ez Balluerkaren hautagaitzan, eta "langile-klasearen borrokara" deitu dute, "sistema dominatzailea" deusezteko. Errektoretzara gutun bat eramaten saiatu dira, baina sartzea galarazi die Ertzaintzak. Orduan piztu dira berriro istiluak, eta kazetari bat buruan zauritu dute harrikada batez.
Egungo errektoreak, Iñaki Goirizelaiak, lasaitasuna eskatu du, eta hauteskundeetan parte hartzera deitu ditu denak, "guztien artean unibertsitatea eraikitzen jarraitzeko". Goirizelaiak berak hautestontziak ireki eta gutxira bozkatu du. Berdin egin du Balluerkak ere, baina Donostiako campusean. Errektoregaiak "asktasunez bozkatzeko eskubidea" aldarrikatu du.
Balluerkari kritikak
Goizeko 09:00etan hasi eta 18:00ak arte daude zabalik EHUko errektore berria izan dena aukeratzeko hautetsontziak. Hautagai bakarra izanik, Nekane Balluerka, ziurtzat jo daiteke, lehen aldiz, emakumezko bat izango dela errektore. Horretarako, ordea, baliozko botoen herenak lortu behar ditu. Balluerkak Donostian eman du botoa.
Kritika ugari jaso ditu. Ikasle mugimendutik etorri dira horietatik gehienak. Azken horiek hautagaia bera bainoago, hauteskunde sistema salatzen dute. Unibertsitatearen norabidearekin desados daudela diote: "Nazkatuta gaude bai EHUz, bai kapitalari men egiten dion hezkuntza sistema honetaz. Nazkatuta beren faltsukeriez eta diskurtso hutsez".