Mozioan, zehazki, Bizkaiko Garraio Partzuergoari eskatu zioten "Lamiakoko metro-geltokian jada eraikita dagoen bigarren sarbidea martxan jartzeko". Udalbatzak "aho batez onartu zuen" mozioa. Aldiz, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren erantzuna "ezezkoa izan da".
EH Bilduk salatu duenez, "Lamiakok metroaren eragin handia pairatzen duen bitartean, auzoa erditik moztuta, Bizkaiko Garraio Partzuergoak ez du urratsik ematen egoera" konpontzeko. Koalizioak argi dauka metroa estaltzea "ezinbestekoa" dela Lamiako eta Txopoeta auzoentzat. "Hori gutxi balitz, irismena erraztuko lukeen sarbidea irekitzearen kontra agertu da Partzuergoa, beste behin ere, auzotarren eskakizunei muzin eginez", adierazi du udal-taldeak.