Udalak jakinarazi duenez, "Euskadi osotik etorritako 76 ekoizle eta artisau hurbilduko dira Leioara, gehienbat bizkaitarrak (Abadiño, Orozko, Otxandio, Karrantza, Erandioko Goierri, Markina, Muskiz, Gernika, Leioa, Urduña, Kastrexana, Lezama, Larrabetzu, Zeanuri, Gatika, Loiu, Amorebieta-Etxano, Zamudio, Igorre, Muxika, Iurreta, Mendata, Bermeo, Mungia, Maruri-Jatabe, Sodupe, Galdames, Gordexola, Portugalete, Mallabia, Bilbo, Berango, Urduliz, Gamiz, Ubidea, etab.)".
Goiz guztian, produktu desberdinak dastatu eta salduko dira: pateak, txerrikiak, barraskiloak, ogia eta pastelak, eztia, ortuariak, loreak eta landareak, txakolina, sagardoa, gazta, frutak, etab.
Gutxi gorabehera, 90 abelburu izango dira erakusgai, hala nola: behiak, idiak, zaldiak, poneyak, astoak, gameluak, zebrak, ahuntzak, ardiak, eta abarrak. "Horietariko asko, irabazle izan dira Bizkaian eta Euskadin egindako hainbat lehiaketatan". Aurten, gainera, 1.000 kilotik gorako 12 abelburu eta 1.400 kiloko idia egongo dira, eta arraza desberdinetako behiak: txarolesa, piriniotarra, blonda, limusina, asturiarra eta frisiarra.
Ekintzei dagokienez, Errekalde Plazan, euskal dantzak ikusteko aukera egongo da, Gure Ohiturak Dantza Taldeagaz; herri-kirolen erakustaldia ere egingo da. Bulebarrean, abelgorrien azalpena eta pisatzea izango dira.
J.R. Aketxe plazan, Eusko Labeldun baserriko txerri-saiheskia eta sagardoa dastatzeko aukera ere egongo da. Idiazabal Gazta Jatorrizko Izendapenaren Bizkaitar Ekoizleentzako XVIII. “Leioako Udala” lehiaketa ere egingo da, eta ikusleek ere dastatu ahalko dituzte gaztak (aurrez izena emanda).
Gainera, “Zure behirik gustukoena” eta “Behi astunena” lehiaketetan parte hartu ahalko da: partaide guztien artean, azokako produktuz beteriko otzara zozkatuko da, eta behi irabazleak saria izango du.
Goiz osoan azoka animatuko dute trikitilariek eta txistulariek, eta umeentzako jarduerak egongo dira: tailer, paseoak poneyan, etab.