Udal-aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztu die Esnatu Leioa taldeak

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 13a, 17:38

Esnatu Leioa udal-taldeak osoko zuzenketa aurkeztu die 2017ko aurrekontuei, izan ere, "Gobernu-taldeak aurkeztu duen aurrekontu-proiektuak argi adierazten du beraiek ez dutela inolako asmorik Leioako herritarren zati handi batek langabezia, etxegabetze, eta pobrezia egonkortzen duten soldaten ondorioz dituen beharrei erantzuteko".

Esnatu Leioaren iritziz, "2017ko partidak 2016koak bezalakoak dira, gizarte larrialdietarako laguntzak eskatzen dituztenen kopurua etengabe igo den arren. Hori ez dator bat langabeziari buruzko datu ofizialekin, eta argi uzten du gero eta arruntagoa dela enplegua izatea, baina hori oinarrizko beharrak betetzeko nahikorik ez izatea". Gaineratu du "Udalak herritarren zerbitzura egon behar" duela, baina ezin uler dezake "Udalak diru soberakin handiak pilatuta dituen bitartean, pobrezia gutxitzeko eta enplegua sortzeko diru gehiagorik ez erabiltzea". Areago, Gobernu-taldeak "gizarte politiketan aurrera egiteko asmorik ez" duela uste du Esnatu Leioak: "Gardentasun konpromisoari uko egin dio, 99 aparkaleku erosi baititu, zertarako diren argitu gabe. Leioaztar guztion dirua ezin da operazio inmobiliarioetan xahutu".

Udal-taldeak dioenez, "lehentasuna enplegu plan indartsua martxan jartzea izan behar da: plan horren ezaugarriak sindikatuekin enpresariekin, merkatariekin eta Langabetuen Asanbladarekin batera zehaztu behar dira".

Era berean, Esnatu Leioak EAJren eta PSEren jarrera salatu du: "Ulertezina da PNV eta PSEren apustua zerbitzuak pribatizatzea izatea, kasu batzuetan langile propioak izanda ere. Zerbitzuak pribatizatzeak langileen kontratazio prozesu ilunak sortzen ditu, baita soldata zein lan-baldintza okerragoak ere". Ohartarazi du "langilegoarentzako aurrekontua 2016koa baino txikiagoa den bitartean, zerbitzu pribatizatuetarako ia 14 milioi euro erabiltzen" direla, "udal-aurrekontu osoa 34 milioikoa izanda". Udal-taldearen ustez, aurrekontuak “herriari begira” kudeatu beharko lirateke: "Badaude gutxitu ahal diren gastuak edo alda daitezkeenak, eta hortik dirua ateratzea gizarte proiektuak bultzatzeko":

  1. Udal gobernu organoen aurrekontuak % 15ean gutxitzea, horren barruan alkate, alkateorde, zinegotzi eta talde politikoen diru sarrerak.
  2. Argindarraren gastua gutxitzea.
  3. Ordainketa finkoetaz gain, portzentaiak ere jasotzen dituzten enpresa azpikontratatuak desagertzea.
  4. Animaliak erabiltzen dituzten probei diru-laguntzarik ez ematea.
    Oro har, zerbitzu guztiak berriro publifikatzea.

Enplegua sortzeko 900.000 euro gehiago erabiltzeko proposamena

Esnatu Leioak aurkeztu dituen "emendakinik garrantzitsuenek enplegua sortzeko helburua" daukate. Haren iritziz, "Udalak diru kopuru handia (900.000 euro)  jarri beharko luke eta gizarte elkarrizketarako esparrua sortu sindikatuekin, enpresarien elkarteekin, Leioako merkatarien elkartearekin eta Langabetuen Asanbladarekin, lehentasunezko ekintzak adosteko". Zehazki, Udal Enplegu Plana abiatzea proposatu du, eta horretarako, 800.000 euroko aurrekontu gehigarria erabiltzea. Gainera, sortzen den lanpostu finko bakoitzeko 2.000 euroko diru-laguntza ematea proposatu du, "50 lanpostu finkoetarako diru-laguntza kontutan hartuta, 100.000 euro lirateke"

Koalizioak jakinarazi duenez, "Leioan 1.833 langabetu daude, baina EAJk eta PSEk aurkeztu duten aurrekontuan ez da gure herrian enplegua sortzeko behar adina dirurik ematen". Horregatik, "Udala ezin da lasai geratu 6 hilabeterako 15 lanpostu sortuta. Bitxia da krisia heltzean, eta langabeen kopurua nabarmen igo denean, laguntza horiek desagertu edo nabarmen jaitsi direla". Era berean, koalizioaren aburuz, "bitxia da egoera ekonomiko ona duen Udalak dirua erabiltzea aparkaleku partzelak erostek, eta ez bideratzea laguntza behar dutenak" artatzeko.

Esnatu Leioak dioenez, "aurten onartutako Euskadiko Udal Legean udalerrien garapen ekonomikoa eta soziala, eta enplegu planak bultzatzea Udalen berezko eskuduntzak dira; horregatik proposatzen dugu benetako Udal Enplegu Plana" abiatzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun