Alicia Costa leioaztarrak irabazi du Madelon literatura-saria

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 13a, 21:01

Alicia Costa (ezkerretik bosgarrena) eta Saioa Etxegi, euren diplomakaz. © EHGAM

Alicia Costa 17 urteko leioaztarrak Madelon Saria eskuratu zuen pasa den zapatuan Errenterian, "La batalla de 1031" idazlanari esker. Bosgarren aldia da EHGAMek gazteentzako literatura-lehiaketa hori banatu duena, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunagaz batera, Santi Altxu "Madelon" gay, bisexual, transexual eta lesbianen eskubideen aldeko militantea zena oroitzeko.

Hala, gazte leioaztarrak 300 euro eta diploma bat hartu zituen. Bigarren saria Ibarrako Saioa Etxegi 16 urteko nerabearentzat izan zen. Berak 150 euro eta diploma jaso zituen.

Oier Gillan eta Ainara Gurrutxaga idazle eta epai-mahaikide errenteriarren arabera, Costak idazkera "zuzena, egokia eta garbia" dauka. Idazlanari dagokionez, nabarmendu egin dute leioaztarrak agertu duen "ahalegina testuinguru historikoa birsortzeko". Euren ustez, gai unibertsala jorratu du Costak: "pertsona batek bera den modukoa eta izan gura den modukoa onartu, agertu eta aldarrikatzeko lehenengo pausoetan izaten den borrokaren isla".

Mikel Martin Conde EHGAMeko kideak Santi Altxu "Madelon" zena goraipatu zuen. Gogorarazi zuenez, orain dela 40 urte hasi zen mobilizatzen Errenterian, "ezberdin maitatzen dugun pertsona denon giza eskubideak aldarrikatzeko". Martinek salatu zuenez, "gaur egun oraindik badira homosexualei heriotza-zigorra ezartzen dieten zortzi herrialde munduan, eta beste 70 herrialdetan jazartzen dituzte". Izan ere, "beldurra galtzen hasi eta Altxuk eta bera bezalako beste batzuek orain dela 40 urte aldarrikatzeari ekin genion eskubideak ez dituzte onartzen", azaldu zuen Martinek. Gurrutxagak nabarmendu zuenez, ezustean harrapatu zuen  belaunaldi berriek erakusten duten eskubide horien aldeko sentikortasunagatik eta euren balentria goraipatu zuen, sentimendu oso intimoak argitaratzeagatik.

Santi Altxuren sendiak eta Errenteriako Udalak ere eskertu zuten gazteentzako literatura-lehiaketa horren lana eta parte-hartzaileen eta antolatzaileen ahalegina, "Madelon" aldarrikatu eta bizirik mantentzeagatik eta askatasuna defendatzeagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun