Saria Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak emango die gaur, Gasteizko Europa jauregian egingo den ekitaldiaren barruan.
Zientzia eta Teknologia Fakultateak kudeaketa aurreratuaren eredua baliatzen du bertako gestio-sistema balioetsi eta hobetzearren. Sari hori eman diote Euskalit fundazioak egin dion kanpoko ebaluazioa gainditu ostean.
Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultateak graduko 9 titulazio eskaintzen ditu eta gradu bikoitz bat, zientzia eta teknikaren 35 jakintza arlo baino gehiago jorratuz. Irakats eskaintzaren barruan, batetik, natur zientzien adar klasikoei dagozkien graduak daude: Biologia, Fisika, Geologia, Matematika eta Kimika. Horiekaz batera, beste lau titulazio irakasten ditu, jakintza zientifikoa eta garapen teknologikoa batu eta integratzen dituztenak: Biokimika eta Biologia Molekularra, Bioteknologia, Ingeniaritza Elektronikoa eta Ingeniaritza Kimikoa. Beste alde batetik, ikastegiko graduondokoen eskaintzak, gaur egun, 12 master, zein bere graduondoko programa ofizialen baitan, eta 5 berezko titulu dauzka.
Eskaintza horri esker, "esan daiteke fakultatea Euskal Herriko erreferente garrantzitsuenetako bat dela, gure gizartearen erronka nagusienetan eginkizun esanguratsu egin ahal izango ditugun profesionalen hezkuntzari dagokionean: teknologia berrien garapena, garapen jasangarria, ingurumenaren kontserbazioa eta beste", EHUko iturriek nabarmendu dutenez.
Fakultateak 3.000 bat ikasle ditu gradu eta graduondokoetan, 800 bat irakasle eta ikertzaile, 18 sailetan eta sail 2 ataletan banatutako goi mailako giza taldea osatzen dutela, jakintza teoriko teknikoaren arlo gehienak landuz. Bertan metatzen da Euskal Herriko I+G+Brako baliabide ugari, ekoizpen zientifikoaren atal handi bat sortuz. Era berean, "bertan egiten den ikerketa jardunaren trinkoa ederki ikusten da subentziorik lortzen duten ikerketa proiektuen kopuru altuan, urtero defendatzen diren 100 bat doktorego tesietan eta ikastegian ekoizten diren zientzi argitalpenen kalitate eta kantitatean", EHUren arabera.
Zientzia eta Teknologia Fakultateak egokitu egin zituen ikastegiaren balio eta antolakuntza kultura bikaintasunaren printzipioetara, European Foundation for Quality Management (EFQM) eredua baliabide hartuta. Horren ondorioz, zilarrezko Q lortu zuen 2006an. Geroago, 2010. urtean, Kalitatea Bermatzeko Barne Sistema (KBBS) egiaztatu zuen Audit programaren jarraibideakaz bat etorrita, Anecak sustatuta, unibertsitateko irakaskuntzen kalitatea bermatzeko.
2016 urtean, Unibasq, Euskal Unibertsitate Sistemaren Agentziaren ekimenari esker, Zientzia eta Teknologia Fakultatea Audit-MGA ebaluazio bikoitzean parte hartzeko zentro pilotu aukeratu zuten. Ekimen horren emaitza da gaur ospatuko duten aitorpen bikoitza.
Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria, fakultateak orain lortu berri duena, gestio aurreratuaren garrantzia zabaldu eta sustatzeko helburua dauka, euskal erakundeen arteko lehiakortasunerako giltzarri moduan. Bitarikoa da aintzatespen horren xedea:
- Gestioan aurreratuen diren erakundeak identifikatu, gainontzekoen pizgarri eta bulkada izan daitezen.
- Erakunde horiek egindako ahalegina eta gestioan lortu duten aurrerapen maila publikoki aitortzea.
Zilarrezko A lortuta, Euskal Herriko Unibertsitatearen Zientzia eta Teknologia Fakultateak aitortuta ikusten du bere xedearekiko konpromisoan egindako ibilbidea, alegia: jakintza sortu, garatu eta transmititzea arlo zientifiko teknologikoetan. Horrekin batera, zientzialariak eta profesionalak modu integralean eta sen kritikoaz hezi eta prestatzeko erantzukizuna du, irakaskuntza eta berrikuntza etengabean berrituz eta helburu duen gizartearen premiei adi egonik.