Marta Macho Stadler, 2016ko Berdintasunerako Emakunde saria

Iker Rincon Moreno 2016ko abe. 14a, 18:48

Marta Macho Stadler Matematika doktorea. © JOSU HERNAEZ - EMAKUNDE

Aurtengo Berdintasunerako Emakunde Saria Marta Macho Stadler-entzat izan da. Macho Matematiketan doktorea eta Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea da. Epaimahaiak azpimarratu du Marta Machok egindako beharra emakumeak matematika eta zientzien mundura gerturatzeko, emakume zientzialarien lana ikustarazteko eta zientzialari horik akademia munduari eta garapen sozialari egindako ekarpenak islatzeko.

Epaimahaiak goraipatu du matematiken hezkuntzan genero-ikuspegia txertatu izana eta unibertsitatearen barruan emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzen duten batzorde zientifiko eta akademikoetan parte hartu izana. Zentzu horretan, azpimarragarria da matematikaria "Mujeres con ciencia" blogaren arduraduna dela. Blog hori Kultura Zientifikoko Katedrak bultzatzen du eta generoa eta zientzia lantzen ditu, emakume zientifikoen lana ikusaraziz.

Sari horren bidez, Emakunde Sariko epaimahaiak aitortu gura du hainbat irakaslek egiten duten lana, hezkuntza maila denetan, nesken ahalduntzea bultzatuz eta horiek ikasketa zientifikoak eta teknologikoak aukeratzera animatuz. Era berean, beharrezkoa ikusten du zientzia-munduan emakumeen presentzia eta aitortza areagotzeagaz batera, akademia bera, enpresak eta teknologia-munduko agente denak egokitzea berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun