Lehendabiziko bozketan, Jokin Bildarratzek 28 jeltzaleetatik 27ren babesa jaso du; izan ere, legebiltzarkide jeltzale batek Jon Iñarritu leioaztarrari eman dio babesa lehen bozketan, 19 botoren langa gainditu eta aukeratua izan zedin. Beraz, Jon Iñarrituk koalizioko 18 kideren eta EAJko legebiltzarkide baten aldeko botoa jaso du. Luis Alejos Elkarrekin Podemoseko hautagaiak eta Tontxu Rodriguez sozialistak, berriz, beren alderdikideen babesa soilik jaso dute, 11 eta 9, hurrenez hurren. PPk ez du hautagairik aurkeztu eta zuriz bozkatu du.
Bigarren itzulian, ordea, Tontxu Rodriguezek sozialisten eta jeltzaleen aldeko 37 boto jaso ditu; hala, senatari autonomiko aukeratu dute.
Bildarratzek eta Rodriguezek senatari karguan errepikatuko dute. Bestalde, Jon Iñarritu Amaiurreko diputatu ohiak Iñaki Goioaga ordezkatu du Senatuan.