Udalak bereziki gogoratu du halako materialaren erabilerak ekar litzakeen ondorioak. Alde batetik, pertsonen segurtasun eta herriaren ondarerako arrisku larriak: "petardoak eta suziriak desegoki erabiliz gero, erabiltzailea erre daiteke edo zauri larriak izan, eta horiek hartuko duten ibilbidea aurreikusi ezin denez, arriskutsuak dira hirugarrenentzat ere bai", azaldu dute. Suziri eta petardoak eraikin edo hiri-altzarien aurka botatzeak higiezin horien erabiltzaileentzako arrisku gehigarria dakar, eta gainera, denon ondarearen aurkako erasoa da, agintari leioaztarraren arabera.
"Egoera are larriagoa da erabiltzailea adingabea bada, eta gehienetan, piroteknia erabiliz gero, auzotarrei eragozpen gehiago dakarkie, baita ordena publikoaren nahasmendua ere", gaineratu dute.
Bestalde, Leioako Udalak azpimarratu du halako produktuak erabiliz gero, "ingurumenari kalte egiteaz aparte, ondorio larriak paira ditzaketela zenbait pertsonek". Agintarien berbetan, "buru-nahasmendua dutenak, adinekoak, umeak, eta horiez gain, eztandak eragindako estres episodio larriak sufritzen dituzten animaliak ere".