Batxilergoko 53. Matematikako Olinpiadak egingo dituzte barikuan

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 11a, 16:13

Hainbat ikasle azterketa egiten. © EHU

Matematikako Olinpiadaren 53. edizioaren lehenengo fasea egingo dute bariku honetan, urtarrilak 13, Leioako campusean; hitzordua 09:30ean jarri dute, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko berbaldi-aretoan. EHUko Matematika Ataleko irakasle ordezkaritza baten laguntzagaz, Espainiako Matematikako Erret Elkarteak antolatzen ditu Matematikako Olinpiadak. 2016-2017 ikasturteak Batxilergoan matrikulatutako EAEko ikasle denek har dezakete parte.

Lehenengo fase honek saio bi dauzka, eta ikasleek zenbait problema ebatzi beharko dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz. Marrazketarako edo idazketarako tresnak baino ezin izango dituzte erabili; galarazita daude kalkulagailuak, liburuak, taulak eta bestelakoak.

Hala, hiru irabazleek azken fasea jokatuko dute, Alcala de Henaresen (Madril, Espainia), martxoaren 23an eta 26an. Bigarren fase horretan sailkatutako lehenengo seiak talde olinpikoko kide izango dira eta 58. Nazioarteko Olinpiadan parte hartuko dute, uztailean, Rio de Janeiron (Brasil). Gainera, irailean Argentinan egingo den 32. Olinpiada Iberoamerikarrean izateko hautagai izango dira.

Beste alde batetik, tokian tokiko faseetan ondoen sailkatutako emakumezko ikasleek, 15 gehienez, Zurichen (Suitza), apirilean egingo den Emakumeen Olinpiada Europarrean (EGMO) talde espainiarreko kide izateko hautaketa-frogetan parte har dezakete. 

Olinpiadak prestatzeko matematika tailerra antolatu dute. Informazio guztia eta lanerako materialak ikusteko: www.ehu.es/olimpiadamat

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun